Gizartea -
Eguraldia
Ekaitzak eragozpenak eragin ditu Euskal Herriko hainbat lekutan
Gauerditik aurrera abisu horia sartu da indarrean. Dena den, eguraldi makurra egiten jarraituko du Euskal Herrian.
Erredakzioa
Ekaitzak gogor astindu du Euskal Herria eta eragozpenak eragin ditu hainbat txokotan. Esaterako, 17:00etatik aurrera Gasteizen izandako kazkabar jasaren eta euri zaparrada mardulen ondorioz, hainbat lokal eta lonja urpean gelditu dira, Eusko Jaurlaritzak Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gasteizen kazkabarrak eta euriak arazoak sortu ditu zenbait kaletan, arazorik handienak Zumakera kalean, Gamarran eta Salbatierrabidean izan dira. Zenbait tokitan suhiltzaileen eta Ertzaintzaren parte-hartzea ere ezinbestekoa izan da. Gasteizen ordubetean 22 litro bota ditu metro koadroko. Ekaitzak zirkulazio arazoak eragin ditu Arabako hiriburuan, eta Salburuan, esaterako, trenbide azpitik igarotzen diren bi tunel itxi behar izan dituzte.
Ekaitza Arabatik eta Bizkaitik sartu da Euskal Herrian, eta handik Gipuzkoara eta Nafarroara zabaldu da.
Errepideetan arazoak eragin ditu ekaitzak, Gasteiz inguruan bertan, Arratzua-Ubarrundian bi autok elkar jo dute, kazkabarragatik irrist eginda, eta lagun bat arin zauritu da. Bestalde, AP-8 errepidean bi autok elkar jo dute Mendaron, Kantabriarako noranzkoan, eta pertsona bat arin zauritu da. Istripuaren eraginez, auto-ilarak sortu dira puntu horretan.
Bestalde, Mungian tximista batek La Bilbaina urbanizazioko teilatu bat jo du. Ez da inor zauritu, baina larrialdi zerbitzuetako kideak bertaratu dira.
Nafarroan, Erriberriko zezen-plazako horma bat behera erori da, eta kalteak eragin ditu inguruko autoetan. Hala ere, ez da inor zauritu.
Oro har, errepideetan arreta handiz ibiltzeko eskatzen dute Segurtasun Sailetik.
Alerta laranja ezarri dute Euskal Herrian euriteengatik eta ekaitzengatik
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du prezipitazio handiengatik. Alerta arratsaldeko seietan sartu da indarrean, eta gauerdira arte iraun du. Aurrez, abisu horia indarrean zegoen arratsaldeko hirurak geroztik. Datozen orduetan euri-jasak indartsuak izango dira eta litekeena da nonahi kazkabarra egitea. Zenbait tokitan, ordu betean 30 litro egin ditzake metro koadroko, eta haizeak ere gogotik joko du.
Nafarroan alerta laranja ezarri dute, euriteengatik eta ekaitzengatik. Lurraldearen erdialderako iragarri dute alerta.
Gauerditik aurrera ere, eguraldi makurra egingo du, eta litekeena da ordubetean metro koadroko 20 litro pilatzea Euskal Herriko hainbat txokotan. Gauean euri zaparrada mardulak bota ditzake nonahi. Hala ere, 00:00etatik 06:00etara Euskalmetek arrisku maila abisu horira jaitsiko du. Ordu batzuk geroago, barealdiaren ondotik, abisua horia ezarriko dute berriz ere eguerdian, eta litekeena da metro koadroko 15 litro pilatzea.