Gizartea -
Sevilla
Bi haurtxo hil eta izoztu zituen emakume baten kontrako epaiketa abian
Autopsiek baieztatu zutenez, bi haurtxoak, mutilak biak, bizirik jaio ziren, 40 asteko haurdunaldi baten ostean, eta itota hil ziren. 40 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak horien amarentzat.
Erredakzioa
Sevillako Auzitegiak bihar abiaraziko du ustez bi haurtxo jaioberri hil eta izoztu zituen emakume baten kontrako epaiketa. Haurtxoak haren senarrak topatu zituen Pilasen (Sevilla) duten etxebizitzan, izozkailuan, 2012ko azaroan. Fiskaltzak 40 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat.
Bost gizonek eta lau emakumek osatutako epaimahai batek erabakiko du Sara L.H. akusatua azpikeriaz egindako bi hilketa delituren errudun ote den, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak dioen moduan.
Emakumea (beste hiru seme-alaba ditu) behin-behineko espetxealdia betetzen ari da, senarrak lehenengo gorpua aurkitu zuenetik, 2012ko azaroaren 9tik. Lehenengoaren ostean, bigarrena agertu zen, azaroaren 27an, etxeko beste izozkailu bat garbitzen ari zela.
Autopsiek baieztatu zutenez, bi haurtxoak, mutilak biak, bizirik jaio ziren, 40 asteko haurdunaldi baten ostean, eta asfixiatuta hil zituzten; lehenengoa uretan sartu zutela % 90eko ziurtasunarekin baieztatu dezakete.
Haurtxoen amak epailearen aurrean egindako deklarazioan esan zuen haurretako baten erditzea bakarrik gogoratzen zuela, eta 2011ko ekainaren 25ean izan zela etxeko bainuontzian, 11 eta 14 urteko bi semeak kalean zeudela.
Espetxean sartu eta gutxira, emakumeak beste haur bat izan zuen, 2012ko azaroaren 30ean, eta aitak horren tutoretza jaso du, baita bikotearen gainerako beste biena ere.
Hildako bi haurtxoen haurdunaldiak sekretuan izan zuen akusatuak familiaren aurrean, eta ez zuen ginekologorengana jo.
Fiskaltzak ahaidetasunaren larrigarria egotzi dio, eta 300.000 euroko kalte-ordaina eskatu du senarrarentzat eta beste 30.000 eurokoa gainerako seme-alaba bakoitzarentzat.
Sevillako Auzitegiko Medikuntzako Institutuak emakumea aztertu ostean, Fiskaltzak uste du emakumeak ez duela buruko gaixotasunik.