Gizartea -

Droga-trafikoa

Heroina banatzen zuen sare bat desegin dute Bilbon

Azken urteotan Poliziak 100 kilogramo konfiskatu dizkio talde honi, hainbat operaziotan. Halaber, azken operazioan 9 pertsona atxilotu eta beste bi inputatu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoaren Droga Unitateak heroina banatzen zuen sare bat desegin dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Aipaturiko taldeak Herbehereetatik ekartzen zuen droga, eta Frantzia hego-ekialdean, Kantauri itsasoko kostaldean eta Bilbon banatzen zuen.

Talde honen kontra egindako azken operazioan, 32 kilogramo heroina konfiskatu, bederatzi lagun atxilotu eta beste bi inputatu dituzte. Aipaturiko sarearen kontra egiten duten hirugarren operazioa da, eta guztira 100 kilogramo heroina atzeman dizkiote taldeari.

Poliziaren operazio bakoitzaren ondotik, taldeko buruan segurtasun-neurriak indartu eta bere taldea berregituratzen zuen.

Urte hasiera abiatu zuten "Zura" operazioa. Bilboko Ertzain etxeko Droga Unitateko kideak aipaturiko taldea droga kantitate handiak mugitzen ari zela konturatu ziren. Dena den, oraingoan taldeko burua identifikatzea jarri zuten helburu; izan ere, aurreko bi operazioetan ez zuten identifikatzea lortu eta, ondorioz, ez zuten auzitara eramatea lortu. Oraingoan, ordea, taldeko ustezko burua ere atxilotu dute.

Arrastoei jarraituz, Bilboko San Frantsizko kalean produktu afrikarrak saltzen zituen denda bateraino heldu ziren. Denda sarearen ustezko buruarena zen, eta bertatik banatzen zuen Herbehereetatik ekartzen zuen droga.

Ondoren, droga Kantauri itsasoko kostaldeko hainbat herritan eta Frantzia hegoaldean banatzen zuten. Azken operazioan, 7 droga-banatzaile ere atzeman dituzte. Gainerakoa, San Frantzisko kaleko denda horretan saltzen zien droga-trafikatzaile txikiei.

Azkenean, larunbatean, aipaturiko sareko bi lagun Bilboko Termibus autobus-geltokian atxilotu zituzten. Atxilotutako bi lagunek 32 kilo heroina zeramatzaten beren maletetan. Ordu batzuk geroago, taldeko beste zazpi lagun atxilotu zituzten, eta San Frantzisko zein Irala kaleetako hainbat etxebizitza eta lokal miatu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Drogak gaur