Gizartea -
Legez kanpoko tabakoa
18 atxilotu, legez kanpoko tabakoaren kontrako operazio batean
Fabrika nagusia Gasteizen zegoen, baina sareak ekoizpenerako tokiak zituen Legution, Andoainen eta Lesakan, besteak beste. Atxilotuetako bost euskal herritarrak dira.
Erredakzioa
18 pertsona atxilotu dituzte legez kanpoko tabako fabriken kontra inoiz egin den polizia operaziorik handienean. Fabrika nagusia Gasteizen zegoen, baina sareak ekoizpenerako tokiak zituen Legution, Andoainen, Lesakan eta Sevillako herri batean. Poliziak horiek guztiak desegin ditu.
Zerga Administrazioko Espainiako Agentziak egin du ikerketa, eta bertako arduradunek prentsaurrekoa eskaini dute Gasteizko Ali-Gobeo industrialdean zegoen fabrika nagusian.
Operazioan 240.000 tabako pakete eta 35 tona tabako xehe atzeman dituzte.
Ikertzaileek azaldu dutenez, Gasteizko fabrikak astean 1,5 milioi tabako pakete egiteko ahalmena zuen, eta, ondorioz, legez kanpoko tabakoaren nazioarteko sareen kontra inoiz egin den operaziorik handiena da.
18 atxilotu horien artean, hiru gipuzkoar, arabar bat, nafar bat, sevillar bat, bost lituaniar eta zazpi letoniar daude.
Bestalde, Gasteizko fabrika nagusiaz gain, Legutioko, Andoaingo, Lesakako eta Alcala de Guadairako (Sevilla) lantegiak desegin dituzte.