Gizartea -

2013ko maiatzean

Getxon gazte bat hil zuen gizona erruduntzat jo du epaimahaiak

Hilketaren erruduna dela erabaki du epaimahaiak. Epaimahaiko zortzi kidek aldeko botoa eman dute eta batek kontrakoa. Lekukoen testigantza batzuk sinesgarriak direla azaldu du epaimahaiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 urteko Peruko gazte batek 20 urteko herrikidea hil zuen Getxoko jaietan, 2013ko maiatzean. Epaiketa egin eta gero, hilketaren erruduna dela erabaki du Bizkaiko Lurralde-auzitegiko epaimahaiak.

Epaiaren irakurketa Bilboko Justizia Jauregian egin dute gaur, akusatua bertan zegoela. Hilketaren erruduna dela erabaki du epaimahaiak. Epaimahaiko zortzi kidek aldeko botoa eman dute eta batek kontrakoa. Lekukoen testigantza batzuk sinesgarriak direla azaldu du epaimahaiak.

Gertakariak maiatzaren 5ean, goizaldean, jazo ziren iaz. Algortako (Getxo) etxabe batean festa egin eta gero, akusatuak biktimari guraizeak saihetsetan sartu zizkion, Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren arabera. Biktima berehala hil zen zauriaren ondorioz. Epaiketan gertatutakoa ukatu du inputatuak.

Testigantza sinesgarriak

Biktimaren neska-lagunaren eta senitartekoen aurrean, lekukoen testigantza batzuk sinesgarriak eta koherenteak izan direla azaldu du epaimahaiak.

Konkretuki, osasuneko langileek eta poliziek epaiketan emandako testigantzak aipatu ditu epaimahaiak. Hildakoak akusatuari "hil egin didazu" esan ziola adierazi zuten lekukoek.

16-20 urte

Epaia irakurri eta gero, 16-20 urteko espetxe-zigorra eskatu dute Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, eta baita biktimaren senitartekoentzako 120.000 euroko kalte-ordaina ere. Sententzia jakitera eman arte akusatua prebentzioko espetxeratzean izatea eskatu dute.

Bestalde, hilketa delitu batentzako gutxieneko zigorra eskatu du defentsak. Epaiaren aurrean helegitea aurkezteko aukera ez du baztertu abokatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo bideoak