Gizartea -
Madril
Ciudad Linealgo ustezko pederastak gaur deklaratuko du
Atxilotutako gizonezkoak Madrilen duen etxea miatu zuen Poliziak atzo, sexu-gehiegikeriak bertan egin zituelakoan. Xehetasunik eman ez zuten arren, zenbait arrasto topatu dituztela zabaldu da.
Erredakzioa
Ciudad Linealgo ustezko pederastak gaur deklaratuko du Madrilgo Instrukzio Epaitegiko epailearen aurrean. Herenegun atxilotu zuen Espainiako Poliziak Santanderren, bost neskato adingaberi sexu-gehiegikeriak egitea eta beste hiru neskari eraso egiten saiatzea egotzita. Poliziaren arabera, delitu guztiak azken urtebetean jazo dira.
Ustezko pederastak Madrilen duen etxea miatu zuen Poliziak atzo, sexu-gehiegikeriak bertan egin zituelakoan. Xehetasunik eman ez zuten arren, zenbait arrasto topatu dituztela zabaldu da.
Atxiloketa izan eta ordu gutxira, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa hedabideen aurrera agertu zen, operazioaren berri ematera: atxilotutakoa 42 urteko gizonezko bat zela jakinarazi zuen, Ciudad Linealgo bizilaguna. Aurrekariak zituen, sexu-gehiegikeriekin lotutako delituengatik. 90eko hamarkadan 7 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, 6 urteko neskato bati eraso egiteagatik.