Gizartea -
Polizia-operazioa
Talde islamiko bat desegin dute Melilla eta Nadorren
Taldearen buruzagia espainiarra da, militar ohi baten anaia, eta beste zortzi lagunekin batera atxilotu dute.
Erredakzioa
Polizia-iturrien arabera, Melilla eta Marokon desegin duten talde islamikoaren burua espainiar bat da, militar ohi baten anaia. Taldearen zeregina Estatu Islamikoarekin batera borroka egiteko kideak bilatzea eta prestatzea zen.
Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Espainiako Poliziaren eta Marokoko Segurtasun Nazionalerako Zuzendaritza Nagusiaren artean egin dute operazioa. Bederatzi lagun atxilotu dituzte, zortzi Nadorren (Maroko) eta bat Melillan.
Melillan atxilotu duten gizona M.S.M. espainiarra da, nahiz ez Marokoko jatorria duen. Haren anaia Espainiako Armadako militar ohi bat da, armetan aditua. Atxilotua haren ezagutzaz baliatzen zen ekintza terroristak egiteko. Dirudienez, militar ohia ere talde islamiko bateko kide da, eta egun Sirian edo Iraken dago, Estatu Islamikoarekin batera borrokan.
Poliziaren arabera, gaur desegin duten taldearen egitura antolatzen ari zen.
Barne Ministerioak nabarmendu duenez, desegindako taldeak "benetako milizia terrorista" baten ekintzak egiten zituen. Besteak beste, ariketa fisiko zehatzak egiten zituzten, eta segurtasun-neurri zorrotzak zituzten polizia-kontrolak ekidin ahal izateko.
Desegindako taldeko kideek Malin ezarritako Al-Qaidako beste hainbat talderekin ere harremana zuten.
Ikerketak aurrera jarraitzen du, eta Poliziak ez du baztertu Siria edo Iraketik itzulitako jihadistak Marokon eta Europan atentatu terroristak prestatzen aritzea.