Gizartea -
Operazioa
730 marihuana landare atzeman ditu Ertzaintzak Hernialden
Segurtasun sailak jakitera eman duenez, bost lagun atxilotu dituzte drogaren aukako operazioan.
Erredakzioan
Marihuana landaketa bat desegin du Ertzaintzak Hernialden (Gipuzkoa) eta bost lagun atxilotu ditu. Segurtasun sailak jakitera eman duenez, 730 marihuana landare atzeman dituzte.
Operazioan, gainera, drogarekin lan egiteko hainbat material atzeman du Ertzaintzak. Seigarren lagun bat ere inputatu dute droga trafikoarengatik.
Polizia operazioa astearte arratsaldean egin zuten. Ertzaintzaren patruila bat Hernialdeko landa gune batean zegoen marihuana landaketa aurkitu zuenean.
Zaintza lanak hasi zituzten orduan agenteek, arduradunak identifikatzeko asmoz. Ordu batzuk beranduago, bi lagun identifikatu zituzten. Horietako batek, gainera, pistola bat zuen eta armak zilegi den moduan ez edukitzeagatik atxilotu zuten.
Baserriaren inguruak ikuskatzeko lanak hasi zituen Ertzaintzak eta 300 marihuana landare atzeman zituen, lau gunetan banatuta.
Guztira bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak operazioan. Epailearen agindua lortu zutenean baserriaren barrura sartu ziren eta bertan 429 landare aurkitu zituen, hiru gune ezberdinetan banatuta.
Baserriaren barruan landareekin lan egiteko material ugari ere atzeman zuen Ertzaintzak. Horrez gain, diru faltsua, dirua kontatzeko makina bat, gaueko behaketak egin ahal izateko gailuak eta sakelako telefonoak ere atzeman zituen, besteak beste.