Gizartea -
Ezbeharra
Iruñeko bi anaia hil dira Zarautzen, surfean ari zirela
44 eta 46 urteko bi anaia dira. Antza denez, hildakoetako batek arazoak izan ditu taularekin, eta anaia laguntzen saiatu da. Beste surflari batzuek atera dituzte uretatik.
Erredakzioa
Bi surflari hil dira igande honetan Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzan. 44 eta 46 urteko Iruñeko bi anaia dira hildakoak, Segurtasun sailak baieztatu duenez.
Olatu handiak daude Gipuzkoako kostaldean, bi metro ingurukoak eta, bi anaiek arazoak zituztela konturatuta, beste bi surflarik uretatik atera dituzte, ia konorterik gabe. Antza denez, hildakoetako batek arazoak izan ditu taularekin, eta anaia laguntzen saiatu da. Bi anbulantzia bertaratu dira baina ezin izan dute ezer egin bizia salbatzeko.
Ezbeharra Euromar eraikinaren parean izan da, 11:00etan. Zarauzko malekoia itxita egon da goiz osoan, baina, ondoren, ireki egin dute.
Gorpuen identifikazioa
Zarauzko hondartza inguruan aparkatuta zauden autoak ikertzen aritu da Ertzaintza, horietako baten bat hildako surfilariena izan zitekeelakoan. Horrela, dokumentazioa aurkitzea espero zuten, gorpuak identifikatzeko. Segurtasun saileko iturriek baieztatu dutenez, senitartekoek identifikatu egin dituzte bi anaien hilotzak. Donostiara eraman dituzte gorpuak, autopsia egiteko.
Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak aurretik Euskadi Irratian konfirmatu duenez, 40 urte ingurukoak dira bi hildakoak, eta ez dira Gipuzkoako udalerrikoak.
Erreskatea
Zarauzko Pukas surf eskolako arduradunek azaldu dute zentro horretako bi monitorek atera dituztela uretatik, zaurituta zeudela eta uretatik ezin irtenda zeudela ikustean.
"Eskola heldu naizenean itsasoan pertsona bat arazoak izaten ari zela ikusi dut. Uretara sartu naiz, eta bi lagun aurkitu ditut buruz behera, baina taula bakar batekin. Pertsona gehiago sartu dira orduan uretan, eta guztion artean atera ahal izan ditugu", esan du Euskadi Irratian.
"Olatu oso handiak zeuden eta gazte horiek ez ziren ezagunak Zarautzen. Dirudienez, ez zuten horrela aritzeko maila", Gipuzkoako kostaldean olatu handiak zeudelako, adierazi du.
Bi eta hiru metro bitarteko olatuak izaten ari dira gaurkoan Gipuzkoako kostaldean.
Nafarroako Gobernuaren doluminak
Iñigo Alli Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketarako kontseilariak "doluminak" agertu die biktimen senideei, Foro Exekutiboaren izenean.
Horren esanetan, hildakoak "oso kirolariak" ziren, eta "oso ezagunak" Iruñean.
Halaber, "babesa" agertu die senideei eta lagunei.
Argazkia: Oihana Jauregi