Gizartea -
Anne Ganuzaren heriotza
Epaileak ez du jokabide zigorgarririk ikusi Trebiñuko haurraren kasuan
Osakidetzako eta Gaztela Leongo osasun zerbitzuetako medikuen jokabidea aztertu ondoren, epaileak ez du deliturik edo zigortzeko moduko jokabiderik ikusi. Halaber, gurasoen salaketa artxibatu du.
Erredakzioa
Gasteizko epaitegi batek artxibatu egin du barizelak jota hil zen Trebiñuko neskatoaren gurasoek Osakidetzaren eta Gaztela Leongo osasun zerbitzuen kontra jarritako salaketa. Epaileak dio, bi osasun zerbitzuetako medikuen jokabidea aztertu ondoren ez duela deliturik edo zigortzeko moduko jokabiderik ikusi.
Anne Ganuzaren gurasoek epaiaren aurkako helegitea aurkeztu dezakete orain. Gasteizko 4. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko buruak hamar orrialdeko auto bat argitaratu du. Bertan irakur daitekeenez, Anne Ganuza artatu zuten langileei homizidio delitua leporatzeko zantzurik ez dago.
Gurasoek Osakidetzaren eta Gaztela Leongo osasun zerbitzuen kontrako salaketa jarri zuten, medikuek eta 112 larrialdi zerbitzuko deia erantzun zuen pertsonak modu arduragabean jokatu zutela argudiatuta. Gurasoen deia erantzun zuen 112 zerbitzuko pertsonak erabaki zuen neskatoa ospitalera eramateko anbulantziarik ez bidaltzea.
Anne Ganuza martxoaren 17an hil zen Gasteizko Txagorritxu ospitalean, barizela atzeman ostean haren osasun egoerak okerrera eginda. Neskatoaren egoera ikusita, gurasoek autoz eraman zuten Trebiñutik Gasteizko ospitalera.