Gizartea -
Gertaera
Gorlizen lapurreta egiteagatik hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak
Atxilotuek, gainera, lapurreta egin zuten enpresako langile bat harrapatu zuten autoarekin ihes egiterakoan.
Erredakzioa
Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu Iurretan, orain hainbat egun Gorlizen auto-garbiketa enpresa batean lapurreta egiteagatik eta autoarekin langile bat harrapatzeagatik.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, bi emakume eta gizon bat dira atxilotuak, 46, 29 eta 20 urtekoak urrenez urren. Atzo arratsaldean egin zituen atxiloketa Ertzaintzak, autoa atzeman zuenean.
Urriaren 2an Gorlizen jazotako lapurretaren ikerketaren ondorioz egin ditu atxiloketa hauek Ertzaintzak. Egun horretan hiru lagunek lapurreta egin zuten Gorlizko Sagastikoetxe industria-gunean dagoen auto-garbiketa enpresa batean.
Arratsaldeko bostak aldera gizonezko bat eta emakumezko bat aurrekontu eske gerturatu ziren autoak garbitzen dituzten enpresan. Nagusiarekin hitz egiten ari ziren bitartean, beste emakume bat pabiloian sartu, eta dirua lapurtu zuen.
Egoeraz ohartuta, langile bat korrika irten zen eta hiru lagunak auto berean sartu eta alde egitera zihoazela ikusi zuen.
Ihes egin zezaten ekiditeko asmoz, autoaren aurrean jarri zen, baina harrapatu egin zuten. Ibilgailuaren aurreko aldera erori zen lehenik eta lurrera ondoren. Erietxea eraman zuten langilea zaurituta.