Gizartea -

Elkarteak egina

Martxoaren 3aren gaineko unitate didaktikoa egin dute institutuetarako

Unitatearen helburua 76ko martxoan izandako sarraskia ezagutaraztea da, eta Arabako Bigarren Hezkuntzako Institutu guztietara igorri dute dagoeneko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoak 3 elkarteak 1976ko egun horretan Gasteizen izan ziren gertakariak azaltzen dituen unitate didaktikoa aurkeztu du gaur, astelehena. Miren Rodrigo eta Amanda Ruiz irakasleek zuzenduta, Xabier Sagasta marrazkigilearen ekarpena ere jaso dute unitatean.

Unitatearen helburua 76ko martxoan izandako sarraskia ezagutaraztea da, eta Arabako Bigarren Hezkuntzako Institutu guztietara igorri dute dagoeneko.

Elkarteak ohar baten bidez zabaldu duenez, "1976. Martxoak 3" unitate didaktikoa lau ataletan banatuta dago: testuinguru historikoa, gertatukoaren kronologia, jardueren garapena eta ebaluazio irizpideak.

Bi bertsio egin dituzte; bata, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 4. mailetan Gizarte Zientzien arloari begira, eta bestea, Batxilergoko 1. eta 2. mailetan Historia Garaikidean emateko.

Unitate didaktikoa euskaraz eta gaztelaniaz eskura daiteke, baina Martxoak 3 elkarteari eskatuz gero, Euskal Herriko beste edozein hezkuntza zentrotara bidaliko duela adierazi du elkarteak.

Horrez gain, Gasteizko euskaltegiekin hitz egin dute, eta oso harrera ona izan duela adierazi dute.

Martxoak 3 elkartea emaitzarekin oso pozik agertu da, eta orain hedatzeko lana arrakastatsua izatea espero dute, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia ezagutzera emateko mugarria izateaz gain, Gasteizko gertaera haiek gizarteratzeko eta "gazteak giza eskubideen defentsan hezteko tresna pedagogiko ezin hobea delako", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea