Gizartea -

Polemika Bilbon

Udalak ez dio zabaltzeko lizentziarik emango Deustuko makrodiskotekari

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra moldatzea proposatuko du Ibon Aresok horrelako dantzalekuak "industrialdeetan bakarrik jarri ahal izateko".

Ibon Aresok iragarri duenez, lizentzia ukatuko diote makrodiskotekari. EiTB
Ibon Areso
Ibon Aresok iragarri duenez, lizentzia ukatuko diote makrodiskotekari. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak ez dio zabaltzeko lizentziarik emango Deustun paratu nahi duten makrodiskotekari, Ibon Areso alkateak gaur iragarri duenez. Horretarako, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra moldatzea proposatuko du urtarrilean egitekoa den osoko bilkuran, horrelako dantzalekuak "industrialdeetan bakarrik jarri ahal izateko".

Artxandako futbol-zelai berriaren inaugurazioan egin du iragarpena Bilboko alkateak. Alkateak duenez, "lizentzia tramitatzea saihestuko dugu, betiere Legea errespetatuta".

Aresoren esanetan, plan orokorra moldatzearekin ez dute prebarikazio deliturik egingo, eta diskotekaren sustatzaileei kalte-ordaina eman behar izatekotan, "egunero Udaltzaingoak ingurua zaintzea baino merkeagoa izango litzateke".

Deustun, Euskalduna Zubiaren errotondatik gertu, zabaldu nahi zuten diskoteka erraldoiak polemika bizia eragin du Bilbon. Udaleko oposizioko talde guztiak eta auzokideak kontra agertu ziren hasieratik. Izan ere, IMQren klinika eta Deustuko ikastola daude dantzalekua paratu nahi zuten tokitik hurbil.

"Auzotarren kezka" ulertzen duela esan du alkateak. "Arazoa ez da diskoteka, ingurua baizik", erantsi du. Aresok ez du zalantzan ipini dantzalekua zabaldu nahi duten ostalariek segurtasunaren eta soinu isolamenduaren harira hartu behar zituzten neurriak.

Horren esanetan, "litekeena" da Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren moldaketa urtarrileko osoko bilkurarako prest egotea, baina hori horrela izanik ere, "ezin dugu ehuneko ehunean bermatu diskoteka zabalduko ez dutenik, Udalak ezin duelako indarrean dagoen araudia hautsi", argudiatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Zer gertatu da gaur Bilbon? Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Deustu