Gizartea -
Istripua
Hiru hildako eta 26 zauritu Palentzian, autobus istripuan
Konpainia bereko bi autobusen artean gertatu da istripua, eta bidaiari gehienak portugaldarrak dira.
Erredakzioa
Hiru lagun hil dira eta beste 26 zauritu, horietatik hiruk ospitalean jarraitzen dute, Palentziako Torquemada herrian gertatu den autobus istripuan. Ezbeharra A-62 autobidean izan da, autobus batek beste bat atzetik jo duenean.
Gaztela eta Leongo Gobernuak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuek 23 pertsona artatu dituzte gauean zehar eta larri zauritu ziren lau pertsonatatik hiruk ospitalean jarraitzen dute.
Larrien zauritutako bidaiaria 79 urteko gizonezko bat da eta Zainketa Intentsiboetarako Unitatean dago, eta ospitalean dauden beste bi zaurituek hankan eta orkatiletan hausturak dituzte, eta ebakuntzaren zain daude.
Larunbat gauean gertatu zen istripua, gaueko bederatzietan. Gaztela eta Leongo Larrialdietako Zerbitzuek eta Gobernuaren Palentziako Ordezkaritzak jakitera eman dutenez, bi autobusek autobideko 65. kilometroan egin zuten talka, Burgoserako norabidean.
Antza, zerbitzugune batean geldialdia egin eta gero, bi autobusak autobidean sartzen ari ziren. Bidaiariek adierazi dutenez, aurretik zihoan ibilgailua gelditu egin zen azelerazioko bidean, eta bigarrenak atzetik jo zuen.
Ondorioz, lehenengo autobuseko atzeko aldean zihoazen bi bidaiari eta bigarren autobuseko gidaria hil egin dira. Bi autobusak Frantziara bidean ziren, lehena Grenoblera eta bigarrena Nizara.
Konpainia berekoak dira bi autobusak, eta bidaiari gehienak portugaldarrak ziren. Gehienak, Portugalen egun batzuk igaro ondoren Frantziara zihoazen langileak ziren.