Gizartea -
Ceutako eta Melillako mugak
Etorkinak berehala itzultzea legez onartu nahi du PPk
Barne ministroaren hitzetan, ez dituzte “beroan egindako itzultzeak” legeztatuko, “legez kanpokoak” direlako. Erreformak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratzen duela salatu du CEARek.
Erredakzioa
Legez kanpoko etorkinak berehala itzultzeko aukera legeztatzea proposatu du Alderdi Popularrak. Mugak modu klandestinoan, “gorian eta zakarrean” zeharkatzen dituzten legez kanpoko etorkinak kanporatzeko erabili nahi du erreforma PPk.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren hitzetan, ez dituzte “beroan egindako itzultzeak” legez onartuko, “legez kanpokoak” direlako. Espainian sartzeko saiakera egiten duten etorkinak “mugan kanporatzeko” babes juridikoa lortu nahi dute.
Horrela, hesian geratu eta Espainian sartu ez diren etorkinak itzultzeko aukera izango dute agintariek. Horrela, segurtasun lege-egitasmoari zuzenketa egin nahi dio PPk: “Ceutako eta Melillako mugetan atzematen dituzten atzerritarrak errefusatuko dituzte Espainian legez kanpo sartzea saihesteko, muga era klandestinoan, gorian eta zakarrean zeharkatzen saiatzen direnean”.
Mugako kanporatzeak eta beroan egindako itzultzeak desberdindu nahi izan ditu Fernandez Diazek. “Itzuli ahal izateko, aldez aurretik etorkina Espainian sartu behar izan da”, azaldu du Barne ministroak.
Zuzenketak arautu nahi duen kasua hesia legez kanpo gainditu nahi dutenen etorkinena da, ministroaren arabera. Horrela, arau berria hesia ezin zeharkatuta geratzen diren etorkinei soilik aplikatu zaie, erantsi duenez.
Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren urraketa
PPk proposatutako erreformak, besteak beste, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratzen duela adierazi du Paloma Favieres Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordearen (CEAR) arduradunak, itzultze sumario eta kolektiboak legez onartzen dituelako eta nazioarteko testuak espresuki debekatzen dituelako.
“Hesia gainetik salto egiten saiatu diren etorkin guztiak harrapatu eta identifikatu gabe beste aldera itzultzen dituzunean, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratzen duen kanporatze kolektibo eta sumario bat egiten ari zara”, azaldu du Favieresek. Ondorioz, nahiz eta Espainiako legediak babestu, zuzenbidearen aurkakoa izango litzateke, gaineratu duenez.