Gizartea -

Istripua

Gizonezko bat hil da Tolosan, igogailu batek harrapatuta

Biktima (87 urte) Jokin Bildarratz EAJko senatariaren eta Tolosako alkate ohiaren aita da, jeltzaleek baieztatu dutenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko bat hil da gaur eguerdian Tolosako Samaniego kaleko etxebizitza eraikin batean, igogailu batek harrapatuta, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Hildakoa 87 urteko adineko bat da. Biktima Jokin Bildarratz EAJko senatariaren eta Tolosako alkate ohiaren aita da, jeltzaleek baieztatu dutenez.

Ezbeharra 13:00etan jazo da; ordu horretan, larrialdi zerbitzuek dei bat jaso dute, gizon bat igogailu batean harrapatuta zegoela ohartaraziz.

Suhiltzaileak eta anbulantzia bat bertaratu dira, baina heldu direnerako gizonezkoa hilda zegoen. Ez dute gertatutakoaz zehaztasunik eman.

Igogailua mugikortasun urriko pertsonek erabiltzeko zen. Larrialdi zerbitzuez gain, auzitegiko mediku bat eta Industria Saileko teknikari bat bertaratu dira.

Gorpua Donostiako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dute autopsia egiteko, Segurtasun Sailak erantsi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Tolosa albisteak