Gizartea -

Bizkaibus

Bizkaibuseko langileek greba mugagabea hasiko dute astelehenean

Datorren ostiralean bilduko dira berriro bi aldeak. ELAk salatu du Aldundia "adarra jotzen" ari zaiela, "iaz sinatutakoa berriro negoziatu" nahi duelako.

Bizkaibuseko langileen manifestazioa. Argazkia: EFE
Bizkaibuseko langileen manifestazioa.
Bizkaibuseko langileen manifestazioa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaibuseko langileek greba mugagabera joko dute datorren astelehenetik aurrera, Bizkaiko Diputazioarekin euren lan-baldintzen inguruan izan duten bosgarren bileran akordio batera iritsi ez direlako.

Albiste-agentziek Diputazioaren iturriak aipatuta zabaldu dutenez, lanuzteak "behin-behinean" bertan behera uzteko eskatu die Foru Aldundiak sindikatuei, "borondate oneko keinu gisa eta herritarrengan pentsatuz", baina langileek uko egin diote proposamenari.

Gauzak horrela, Diputazioak beste bilera bat deitu ditu sindikatuak. Batzarra datorren ostiralean izango da, greba mugagabea hasi eta bost egunetara.

Bestalde, ELAk salatu du Aldundia "Bizkaibusen erabiltzaileei eta langileei adarra jotzen" ari zaiela, "2013ko urriaren 4ean lanpostuei eusteko egindako planteamendua orain 2016ko martxora atzeratu nahi baitu".

"Iaz sinatu zuena berriro negoziatu nahi du, eta ez du sinatutakoa betetzen, eta hori adar jotze itzela da", ELAren esanetan. Gainera, aste honetan egin dituzten "etengabeko bileretan lehenengo egunean aurkeztutako proposamen bera" eraman duela jakinarazi du.

Hori dela eta, sindikatuak Aldundiaren "borondate eza" kritikatu du. "Iaz sinatu zutena negoziatu nahi dute berriro. Askotan hitz egin izan da euskaldunen hitzemateaz, baina batzuen hitzak hutsune handiak ditu", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaibus albisteak