Gizartea -
Merkatua
Bisitari andana, Gernikako azken asteleheneko azokan
Eguraldi onari esker, iaz baino jende gehiago bertaratu da. Agiñagako Larrabe etxeko gaztak irabazi du lehiaketa, eta 7.500 euro ordaindu dituzte gazta irabazleagatik.
Erredakzioa
Eguraldi ona lagun, 80.000 pertsona joan dira gaur Gernikako urriko azken asteleheneko azokara, Udalak prentsa-ohar batean jakitera eman duenez.
Jendetza bertaratu den arren, Bizkaibusen grebak eragina izan du eta bisitari kopurua ez da 100.000ra iritsi, 2012an bezala.
Azokan 306 postu jarri dituzte, etxeko produktuekin, eta Adela Adikoetxea baserritar urduliztarra izan da lehiaketaren irabazlea. Gaztaren kasuan, berriz, Agiñagako Larrabe etxekoak izan dira garaile.
Enkantean, 7.500 euro ordaindu ditu Bilboko jatetxe batek gazta irabazlearen truke, iaz erosi zuen jatetxe berak, eta dantzaleku bateko arduradunek 4.100 euro ordaindu dituzte bigarren gazta onenaren truke.
Gernikako Udalak eta Kutxabankek elkarlanean antolatutako lehiaketa horretan, Kortezubiko Javier Larrinagak irabazi du eztiaren norgehiagoka, eta Zornotzako Balentin Llonak, mila loreen kategorian.
Bestalde, Jose Etxebarria eta Nekane Lopez gatikarrak izan dira irabazle fruituetan eta loreetan, hurrenez hurren, bertako Txone upeldegiak irabazi du txakolin eta ardo gorri lehiaketan, eta Urduñako Maisu upeldegiari egokitu zaio saria ardo beltzean.
Urtero legez, enkantean bildutako dirua Gernikako zaharren egoitzari emango diote.