Gizartea -
Donostian
Gizon bat zigortu dute bikotekide ohia jazarri eta mehatxu egiteagatik
Egun batean 120 telefono dei egin zizkion eta bideo bat Sarean zabalduko zuela esan zion, mehatxu gisa. Datozen bost urteetan, ezingo du biktimarengana hurbildu, ezta harekin harremanetan jarri ere.
Erredakzioa
Gizon batek bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra jaso du bikotekide ohia jazartzeagatik –egun batean 120 dei egin zizkion- eta bien arteko sexu-harremanak erakusten zituen bideo bat Sarean zabalduko zuela esan zion, mehatxu gisa. Emakumezkoak jakin barik grabatu omen zituen irudi horiek.
Epaiketan, akusatuak onartu egin zuen gertatutako guztia eta Fiskaltzak eskatutako zigorra onartu zuen. Hori dela eta, bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra jaso du, baina, horrez gain, 56 egunetan gizartearen mesederako lanak egin beharko ditu, sei egunez une oro lokalizatuta egon beharko du, mehatxuak eta hertsapena egiteagatik eta kalteak eragiteagatik.
Gainera, zigortutako gizonak ezingo du biktimarengana hurbildu, ezta harekin harremanetan jarri ere, datozen bost urteetan.
Epaiaren arabera, jazarpena 2013ko martxoan hasi zuen, emakumeak bien arteko harremana hautsi eta gero, lau urtez elkarrekin egon ostean.
Harrezkero, gizonak “etenik gabe” deitzeko eta “harremana berriz hasten saiatzeko mezuak” bidaltzeko joera hartu zuen, “emakumezkoaren lasaitasunean eta egunerokoan eragiteko asmoz”.
Horrez gain, ekainaren 5ean, 23:00ak aldera, gizonak emakumeak Donostian duen etxebizitzara jo zuen, eta “ordubete baino gehiagoan ate-joka” izan zen, beste gizon batzuekin sexu-harremanak izatea leporatzen zion bitartean.
Egun horren ostean, emakumeak gertatutakoa salatuko zuela esan zion gizonari, eta horrek hitz eman zion ez zuela gehiagotan egingo.
Alabaina, harremanari berrekiteko ahaleginetan, mezuak bidaltzen jarraitu zuen, nahiz eta emakumeak abuztuan berriro eskatu zion jazartzeari utz ziezaion. “Akusatuak egunero 60 bat alditan deitzen zuen biktimaren telefono zenbakira eta beste hainbatetan etxeko telefonora”.
Gainera, zigortutako gizona emakumearen lantokira ere joan zen, autoarekin jazarri zuen, eta emakumearen motorraren aulkia urratu zuen. Gainera, aipatutako bideoa zabalduko zuela esan zion.
Hortaz, emakumeen aurkako indarkeria kasuak epaitzen dituen Donostiako epaitegiak babes neurriak ezartzea erabaki zuen.