Gizartea -
Deskontu sistema berria
Bidegik deskontuak izateko Abiatu sistema berria jarriko du martxan
Abiatu sistema urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean eta apirilaren 1etik aurrera, Gipuzkoako errepideetan deskontuak lortzeko sistema bakarra izango da.
Erredakzioa
Gipuzkoako autobideen kudeaketaz eta mantentze-lanez arduratzen den Bidegi foru sozietateak Gipuzkoako autobideetan deskontuak lortzeko Abiatu teleordainketa gailu berria ezarriko du datozen hilabeteetan, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegitura diputatuak azaldu duenez.
Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuak, Katty Nevado Bidegiko koordinatzaile orokorrak eta Marcelo Levit eta Sara Tegido Bip&Drive enpresako ordezkariek eman dute gailu berriaren inguruko informazioa prentsaurrekoan.
Azaldu dutenez, "aldaketa nagusia Abiatu teleordainketa gailu berriaren ezarpena da". Gailu berria 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera erabili ahal izango da eta apirilaren 1etik aurrera Gipuzkoako autobideetan deskontuak lortzeko sistema bakarra izango da. Hori dela eta, dagoeneko teleordainketa gailuak dituzten erabiltzaileei gailu berria eskatzeko dei egin diete.
Orain arteko bezeroei aldaketa errazteko, Bidegik gutuna bidaliko die asten honetan hasi eta azaroaren 30era bitartean, eta erabiltzaileek kontratu berriko datuak bete, sinatu eta bidali egin beharko dute.
Horrez gain, www.bidegi.net atarian sartuta ere gailu berria eskatu ahal izango da.