Gizartea -
Bizkaia
Ostiralean desagertutako alonsotegiar baten hilotza topatu dute
Gorpuak ez du inolako indarkeria zantzurik, eta hildakoaren autotik kilometro batera aurkitu dute. Ibilgailua amildegi batetik behera erori zen.
Erredakzioa
Bilaketa taldeek Alonsotegiko (Bizkaia) 60 urteko bizilagun baten hilotza topatu dute gaur, larunbata, goizean Artiba urtegi inguruko mendigune batean. Gorpuak ez du inolako indarkeria zantzurik, eta hildakoaren autotik kilometro batera aurkitu dute. Ibilgailua amildegi batetik behera erori zen.
Segurtasun Sailak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionaren arabera, senideek atzo arratsaldean eman zuten desagerpenaren berri. Hildako gizonak Pagasarri mendira igotzeko ohitura zuen, eta atzo ez zen etxera itzuli.
Ertzaintzako eta Babes Zibileko, besteak beste, zenbait taldek Alonsotegi eta Pagasarri artean ekin zioten bilaketari, eta bart, 22:30ak aldera, alonsotegiarraren autoa topatu dute, amildegi batetik behera erorita zegoela. Suhiltzaileak eta ertzainak autoa zegoen lekuraino jatsi ziren, baina ez zuten bertan gidaria topatu.
Bilaketak goizaldeko 2:00ak arte luzatu arren, ez zuten arrastorik topatu. Gaur goizean, 09:00etan, berriz ekin diote bilaketa lanari eta ordubete beranduago gizonezkoaren gorpua aurkitu dute, indarkeria zantzurik gabe, Artiba urtegiko inguruetan, autoa zegoen lekutik kilometro batera.
Epailea ere bertaratu da, gorpuaren altxamendua egiteko, eta Ertzaintzak, bestalde, ikerketa bat abiarazi du gizonezkoaren heriotzaren nondik norakoak argitzeko.