Gizartea -
Txostena
Gas kutsatzaileak 2100. urterako desagerraraztea eskatu du NBEk
Nazio Batuen Erakundeak erronka bat proposatu du: tenperatura Iraultza Industrialaren aurreko batezbestekoa baino bi gradu altuagoa ez izatea, baina dagoeneko 0,85 gradu altuagoa da.
Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 800 zientzialari baino gehiagoren iritzia laburbiltzen dituen txosten baten ondorioak aurkeztu ditu gaur, igandea, eta 2100. urterako gas kutsatzaileak zerora murriztea eskatu du.
“Askok diote aldaketa klimatikoa kostu handikoa izango dela, baina ez badugu ezer egiten are handiagoa izango da”, esan du Ban Ki Moon NBEko idazkari nagusiak, txostena aurkezteko prentsaurrekoan, Kopenhagen.
Horrela, Banen esanetan, “Klima Aldaketaren kontrako Gobernu Arteko Taldeak (PICC)” azaleratu du gizakiek kliman eragindako efektua ukaezina dela, eta, IPCCren arabera, “beharrezkoa da ezbairik gabe aurre egitea, egiteko baliabideak izanda”, BBC kateak jaso duenez.
Txostenak, 40 orrialdekoa, 2013ko irailetik arlo horretan plazaratutako 5.000 orriak laburbildu ditu, eta bertan klima aldaketak ekarriko dituen eragin sakonaz ohartarazi du nazioartea.
Zehatz-mehatz, NBEk erronka bat proposatu du: Iraultza Industrialaren garai-aurreko batez besteko tenperatura bi gradutan ez gainditzea, baina dagoeneko 0,85 gradutan gainditu da.
Horretarako, gas kutsatzaileen emisioak “zero ingurura, edo gutxiagora, murriztu beharko dira 2100. urterako", txostenaren ondorio nagusien arabera. Izan ere, ikerketa horrek 2015ean Parisen egitekoa den goi bilerako oinarria izatea du helburu, Kiotoko Protokoloaz geroztik nazioartearen konpromisorik handiena lortu nahi dute Frantziako hiriburuan.