Gizartea -

Salaketa

Bizkaiko Ogasunari milioi bat euroko iruzurra egin diote hiru enpresak

Etxetresnak Internet bidez saltzen zituzten hiru enpresaren kontrako salaketa jarri du Bizkaiko Foru Aldundiak, BEZa ez ordaintzeagatik.

Unai Rementeriak eman du iruzurraren berri. EFE
Unai Remnteria
Unai Rementeriak eman du iruzurraren berri. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko hornitzaileek eskainitako etxetresnak Internet bidez saltzen zituzten Bizkaiko hiru enpresak milioi bat euroko iruzurra egin dute, Bizkaiko Ogasunaren arabera. Zehazki, BEZa ez ordaintzeagatik salatu dituzte Fiskaltzaren aurrean.

Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaileak egin du iragarpena, Aldundiaren gobernu-batzordearen asteroko bileraren ondotik egin duen prentsaurrekoan.

Rementeriak ez du enpresa horien izenik eman, baina nola jokatzen zuten azaldu du. Horren hitzetan, Europar Batasuneko produktuak erostean enpresek ez diote hornitzaileari BEZa ordaindu behar, baina Bizkaiko Ogasunaren aurrean aitortu behar dute bezeroari saldu ostean.

Atzemandako hiru enpresa horiek ez diote Ogasunari BEZa ordaindu. Horietako batek ez zuen BEZaren aitorpenik aurkeztu, eta beste biek etxetresnak Espainiatik kanpo saltzen zituztela argudiatu zuten Bizkaiko Ogasunari ez ordaintzeko.

Iruzur horri esker, etxetresnak merkeago saltzeko aukera zuten enpresa horiek, zerga guztiak ordaintzen dituzten beste enpresei "lehia desleiala" eginez, Rementeriaren esanetan.

Etxetresna onak merke salduta, urtero bi milioi euroko fakturazioa izan zuten salatutako enpresa horiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Iruzurrak bideoak Enpresaburuak