Gizartea -

Xenofobia

Gazte bati eraso diote Gasteizen, etorkinak defendatzeagatik

Udaleko oposizio taldeek Javier Maroto alkateak abiatutako kanpaina "xenofoboarekin" lotu dute gertatutakoa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mutil bati eraso egin diote Gasteizen, herritarrak artatzeko bulego batean etorkinak babesteagatik. Gertatutakoak Javier Maroto (PP) alkateak abiatutako kanpaina "xenofoboarekin eta arrazistarekin" zerikusirik duela salatu dute Udaleko oposizioko taldeek.

Gorka Urtaran EAJk Gasteizen duen bozeramaileak azaldu duenez, liskarra atzo goizean jazo zen, udal bulego batean hainbat pertsona ilara batean zeudela. Une batean, gizonezko bat ilara horretan zeuden etorkinen aurka oihuka egiten hasi zen, eta bertan zegoen gazte gasteiztar bat etorkinen alde agertu zen.

Horren ostean, oihuka hasi zen gizonezkoak kolpeka erantzun zion gazteari, eta mutila Txagorritxuko Ospitalera eraman behar izan zuten.

Segurtasun Sailaren arabera, borroka bat izan zen, eta agenteek horretan nahasitako bi pertsonak identifikatu zituzten. Dena dela, ez zuten atxiloketarik egin.

Gasteizko Udalean, oposizioko taldeek Javier Marotori egotzi diote gertatutakoa, azken asteetan magrebtarren eta etorkinen aurkako kanpaina abiatu baitu. Alkateak berak, baina, kritikak "demagogikoak" direla esan du.

Bestalde, SOS Arrazakeriak "haustura soziala" gertatzen ari dela salatu du, eta Javier Marotori eta Javier de Andres ahaldun nagusiari leporatu die.

Hori horrela, "tankera honetako gertakizunen aurrean erantzun zentzukoa ematea" eskatu die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea