Gizartea -

Zirkulazioa

Bi lagun zauritu dira Galdakaon izandako istripu batean

Ezbehar horrez gain, ordubeteko epean lau auto bidetik irten dira, errepidea irristakor baitago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost istripu ordu eta erdiko epean. Errepideak oso irristakor daude EAEn azken egunotan izandako euriteen ondorioz eta, hori horrela, zirkulazio arazo ugari izan dira gaur, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Larriena N-634 errepidean jazo da, Galdakaon (Bizkaia) eta Amobrebieta-Etxanorako noranzkoan. Bi lagun zauritu dira euren autoak elkar jota (06:55ean gertatu da ezbeharra). Ibilgailuak bidea oztopatzen egon direnez, auto-ilara luzeak izan dira gune horretan.

Zauritutako bi lagunak Galdakaoko Ospitalera eraman dituzte. Albiste hau idazteko orduan (08:30), garabiak bi ibilgailuak erretiratzeko lanetan ari ziren.

Lau auto bidetik irten dira

Bestalde, auto bat bidetik irten da BI-604 errepidean, Asua eta Enekuri artean. Istripuan ez da inor zauritu baina ibilgailua errei bat oztopatzen ari zen 08:30 aldera.

Bi-631 errepidean ere ezbeharra izan da, Agirletan eta Deriorako noranzkoan. Dena dela, Ertzaintzak ezin izan du beste zehaztapenik eman ahal izan, Larrialdi Zerbitzuak bertaratzeko zirelako albiste hau idazteko unean.

Gipuzkoan, N-121-A errepidean, auto bat bidetik atera da Irun parean eta Frantziarako noranzkoan, errei batean traba egiten du. 08:30ean, auto-ilarak zeuden gune horretan.

Azkenik, GI-20 errepidean, Donostiako Amara auzoan eta Irungo noranzkoan, beste ibilgailu bat irten da bidetik. Kasu honetan, autoak ez du trabarik egiten, bide-bazterrean baitago.

Errepidea bustita dagoela eta, kontuz gidatzeko gomendioa eman du Segurtasun Sailak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Euskal Herrian Galdakao albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Eguneko albisteak Eguneko albisteak Galdakao-Usansolo Ospitalea