Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Gizon bat atxilotu dute Bilbon, pisukidea bortxatzea leporatuta

39 urteko gizonezkoak ustez hirutan bortxatu zuen emakumea, eta heriotza-mehatxuak egiten zizkion gertakariak sala ez zitzan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 39 urteko gizonezko bat atxilotu du lau hilabetean bere pisukidea hiru aldiz bortxatzea eta gertakaria ez salatzeko heriotza-mehatxuak egitea leporatuta.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, asteartean atxilotu zuten, astelehenean emakumeak salaketa jarri ondoren.

Emakumea duela lau hilabete iritsi zen Bilbora senarrarekin eta seme-alabekin batera, senarrak orain atxilotu duten gizonaren dendan lan egin zezan, eta dendako nagusia eta familia elkarrekin bizi ziren etxebizitza batean.

Ertzaintzak biktimaren bertsioan oinarrituta jakitera eman duenez, senideak etxetik kanpo zeudela, gizonak sexu-proposamenak egin zizkion emakumeari behin baino gehiagotan, eta modu baketsuan eskatuta ezer lortzen ez zuela ikusita, mehatxuka eskatzen hasi zen.

Lau hilabeteotan hiru aldiz bortxatu duela salatu du emakumeak. Gizonak indarra eta labana bat erabiltzen omen zituen biktima beldurtzeko eta eraso egiteko.

Gainera, atxilotuak heriotza-mehatxuak egin zizkion emakumeari gertakariak sala ez zitzan, eta behin lepotik heldu zion haren semeari eta jo egin zuen.

Azkeneko sexu-erasoa astelehenean gertatu zen, salaketa jarri zuen egunean bertan.

Gizarte zerbitzuek ere esku hartu dute, eta familia beste etxe batean sartu dute, ustezko erasotzailearengandik urruntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea