Gizartea -
Murtzia
Aske utzi dute autobus-gidaria, baina inputatuta jarraitzen du
Atzo arratsaldean atxilotu zuten autobus-gidaria, ospitalean sendagiria jaso ondoren. Lehen ikerketen arabera, gehiegizko abiadurak eragin zuen ezbeharra. 14 lagun hil ziren.
Erredakzioa
Ciezako Lehen Auzialdiko 4 zenbakiko Auzitegiak aske utzi du aurreko larunbatean istripu larria izan zuen autobusaren gidaria, baina inputatuta jarraitzen du.
Zuhurtziagabekeriazko gizahilketa leporatuta zabaldutako auzian inputatuta dago gidaria, Justiazia Auzitegi Nagusitik zabaldu dutenez. Inputatuta Auzitegian agertu beharko da aldizka.
Gainera, epaileak gidabaimena behin-behinean kentzea erabaki du, prozesuak irauten duen bitartean, eta ibilgailua zigilatzeko agindu du, akats mekanikoren bat izan ote den iker dezaten.
Atzo arratsaldean atxilotu zuten gidaria, ospitalean sendagiria jaso ondoren. Ezbeharraren ondorioz, Caravaca de la Cruz erietxean zegoen, larunbataz geroztik, arritmiak jota.
14 lagun hil ziren eta 43 zauritu Murtzian, Cieza udalerriko Venta del Olivo parean izandako ezbeharrean. Larunbat iluntzean, 23:20 aldera, autobusa 15 metroko lubeta batetik erori zen. Madrilen eguna igaro ondoren, Murtziako Bullas herrira zihoazen autobuseko bidaiariak.
Lehen ikerketen arabera, gehiegizko abiaduraren ondorioz gertatu zen istripua.
Hileta-elizkizuna
Hildakoen aldeko hileta-elizkizuna gaur egin dute Bullasen, Juan Valera pabiloian. 11:00etan hasi da, eta bi mila lagun inguru batu dira, zendutakoei azken agurra ematera.
Besteak beste, Espainiako Errege-erreginak eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa joan dira elizkizunera.
Zortzi lagun, larri
Murtziako Gobernuko Osasun Departamentutik jakitera eman dutenez, istripuaren ondorioz larri zeuden 11 lagunetatik hiruk hobera egin dute azken orduotan.