Gizartea -

Sutea

Nekazaritza-pabiloi bat eta auto bat kiskali dira Iguzkitzan

Lehen ikerketen arabera, zabor-edukiontzi batean nahita eragindako sute baten ondorioz kiskali dira autoa eta pabilioia. Ez da inor zauritu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekazaritza-pabiloi bat eta auto bat guztiz kiskali dira, gaur goizaldean, Iguzkitzan izandako sute batean. Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, baliteke nahita eragindako sute baten ondorioa izatea. Antza, zabor-edukiontzi batean piztu da sua eta ondoren zabaldu egin da.

00:42 aldera jaso dute abisua Lizarrako suhiltzaileek. Edukiontzi batzuetan piztutako sua itzaltzera joan direnerako baina, inguruko nekazaritza-pabiloi bat eta ibilgailu bat harrapatuta zituen suak. Foru Erkidegoaren arabera, pabilioia abandonatuta zegoen eta barruan zaborretarako materiala baino ez zegoen.

Sutearen ondorioz, eraikinaren teilatua behera etorri da. Antza, sugarrek indar handia hartu dute eta 03:15 aldera arte ez dute lortu sua itzaltzea.

Foru Poliziak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko. Duela egun batzuk beste edukiontzi bat agertu zen erreta Iguzkitzan bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa