Gizartea -
Neska-laguna hiltzeagatik
Gasteizko preso bat ospitaleratu dute 62 egun gose-greban izan ondoren
19 urte eta 6 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten, neska-laguna hiltzea egotzita, eta epaia berraztertzeko eskaera egin zuen 2013. urtean, biktima berez hil zela argudiatuz.
Erredakzioa
Neska-laguna hiltzeagatik zigortutako Gasteizko preso bat ospitaleratu dute, 62 egun gose-greban eman ondoren. Gaurtik aurrera seruma emango diote, Txagorritxuko Ospitaletik jakitera eman dutenez.
David Villafañe presoaren arrebak ohar batean azaldu duenez, “azkeneraino” iristeko asmoa du bere nebak, eta “gose-greban jarraituko du aske izan arte”.
Espetxean koma egoeran sartu zela, eta, ondoren, ospitalera eraman zutela azaldu du haren arrebak.
Presoari 19 urte eta 6 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten 1995. urtean, neska-laguna hiltzea egotzita. Epaia berraztertzeko eskaera egin zuen presoak 2013. urtean, biktima berez hil zela argudiatuz.
Auzitegi Gorenak ez zuen presoaren eskaera aintzat hartu, froga berririk ez zegoelako.
Villafañeren arrebak nabarmendu duenez, presoak gose-greban jarraituko du “errugabea dela aitortzen diotenera arte”. Auzitegi Konstituzionalera ere jo du familiak, Gorenak “legez kanpo” preso mantendu duela salatzeko.