Gizartea -
Greenpeacen protesta ekitaldia
Greenpeace eta Armadaren arteko istiluaren errua Gobernuari bota diote
Talde ekologistako abokatuak auzibidera jotzea aztertzen ari dira.
Erredakzioa
Espainiako Armadaren eta Greenpeace talde ekologistaren artean, Kanarietako uretan, larunbatean izandako liskarraren errua Gobernuari bota dio Paulino Rivero Kanariar Uharteetako presidenteak. Bien bitartean, talde ekologistako abokatuak auzibidera jotzea aztertzen ari dira.
Greenpeace talde ekologistak protesta egin zuen, atzo, Repsolek aste honetan Kanarietako uretan egin nahi dituen petrolio-prospekzioen kontra, eta protesta horretan ekintzaile bat zauritu zen. Gaur, Paulino Rivero Kanariar Uharteetako presidenteak Matilda Brunetti zauritutako ekintzaileari bisita egin dio ospitalean. Azaldu duenez, tibiako haustura konpontzeko ebakuntza egin zioten atzo eta orain ospitaleko gela arrunt batean errekuperatzen ari da. Brunettik berak azaldu du atzoko protestan beste ekintzaile batek kolpe gogorra jaso zuela bularrean, eta atzo Arrecifeko ospitalera eraman bazuten ere, dagoeneko ondo dagoela.
Riveroren iritziz, argi gelditu da Espainiako Gobernuak ez daukala inolako arazorik "Estatuaren bitartekoak, guztiok finantzatzen ditugunak, ekintza baketsu baten kontra erabiltzeko".
Kanariar Uharteetako Gobernuak Repsolek zundaketak egiteko asmoa duen ingurunetan egiten diren protesta baketsuak babesten jarraituko duela adierazi du Riverok, "beti ere gure uretan gertatuko dena kontrolatzeko edo zundaketak saihesteko asmoa badute".
Greenpeace talde ekologistak Espainiako Armadarekin izandako istiluaren ondoren, Greenpeaceko Artic Sunrise itsasontziak porturako bidea hartu zuen, eta bertan hainbat lagunek harrera egin zieten.
Juande Fernandez Greenpeaceko bozeramaileak azaldu duenez, Matilda Brunettiren zauriak Espainiako Armadak izandako jarrera axolagabearen ondorio izan dira. Atzo, Espainiako Armadak Greenpeaceko txalupei eraso egin zieten eta, ondorioz, ekintzaile bat zauritu zen.