Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute, Logroñon bi adingabe bortxatzea egotzita
Gizonak hilabeteak zeramatzan ihes eginda, eta Donostian eta beste leku batzuetan ikusi izan dute, baina Bordelen atxilotu dute.
Erredakzioa
Bi adingaberi ustez sexu-erasoak egin zizkien gizonezko bat atxilotu dute Bordelen, Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarlanean egindako operazio batean. Atxilotuak 40 urte ditu, eta Errioxan 8 eta 11 urteko bi neskatori sexu-gehiegikeriak egin izana leporatzen diote.
Gazta operazioa deiturikoa 2013ko irailean abiatu zen, 8 eta 11 urteko bi neskatilaren gurasoek ustezko gertakariak Guardia Zibilaren aurrean salatu ostean.
Haurrei azterketa medikoak egin zizkieten, eta sexu-gehiegikerien biktima izan zirela egiaztatu zuten horrela. Ondoren, agenteek ustezko erasotzailea identifikatu zuten: adingabeen senide bat zen, antzeko gertakariengatik aurrekariak dituena. Haurrak zaintzen zituen uneak aprobetxatzen zituen ustezko erasotzaileak biluztera behartu eta sexu-erasoa egiteko.
Atxilotuak Errioxatik ihes egin zuen ustezko sexu-erasoak egin eta gero. Ondorioz, gizona atxilotzeko euro-agindua eman zuten.
Denborak aurrera egin ahala, Gipuzkoako hainbat herritan ikusi izan zuten atxilotua, Donostian, besteak beste. Hori horrela, Frantziako Poliziarekin ere hasi zen lankidetzan Guardia Zibila, ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotzeko.
Azkenean, Bordelen atxilotu dute 40 urteko gizonezkoa, eta Espainiako agintarien esku utzi ostean, kartzelan sartu dute.