Gizartea -

Polemika

Petrolioa bilatzeko prospekzioak abiatu ditu Repsolek Kanarietan

Zundaketak "segurtasun berme guztiekin eta ingurugiroa errespetatuz" egiten ari direla agertu du konpainiak.

Kanarietan prospekzioak egiten ari den ontzia. EFE
Prospekzioak Kanarietan.
Repsolek hasi ditu zulaketak Kanariar uharteetan

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Repsol petrolio konpainiak astearte honetan abiatu ditu Kanariar Uharteetako uretan petrolioa bilatzeko prospekzioak. Lehenengo zundaketa (Sandia izena jarri diote) Fuerteventuratik 54 kilometrora eta Lanzarotetik 62ra egiten ari dira. Polemika handia dago hidrokarburoak topatzeko ikerketa honen inguruan, Kanarietako Gobernua bera, talde ekologistak eta hainbat alderdi politiko aurka daude. Auzitegi Gorenak, baina, zundaketak egiteko baimena eman du.

Marcos Fraga Repsoleko bozeramaileak argitu duenez, 06:30ean hasi dira prospekzioak egiten. "Hidrokarburoen ikerketa egiteko aukeratu genuen gunean hasi dira Sandia zundaketa egiten. Dena dago martxan", esan du Radio Nacional de Españari eskainitako elkarrizketan.

Bi zundaketarekin lortutako emaitza "zundaketa bakarrarekin" erdietsi nahi dute Repsol konpainiako arduradunek. Hau da, 3.100 metroko sakonerara heldu nahi dute.

Segurtasun berme guztiekin eta ingurugiroa errespetatuz

Repsoleko arduradunak azpimarratu duenez, punta-puntako teknologia erabilita egiten ari dira zundaketak. Rowan Renaissance ontzia erabiliko dute prospekzioak egiteko. Itsasontzi berezi hau alokatzeak milioi bat euro balio du egunero eta zundaketak sakonera handietan egiteko ahalmena du, Kanarietan egiten ari direnenen "halako lau".

Petrolio konpainiako bozeramaileen hitzetan, "Espainian ez da inoiz baliabide teknologiko hauek erabilita zundaketarik egin. Segurtasun berme guztiak ditu eta ingurugiroa errespetatuz egingo da".

Repsolek hiru zundaketa egiteko baimena du, baina konpainiako iturriek azaldu dutenez, lehenengo hau egingo dute aurrena, eta "lortutako emaitzen arabera, bigarrengo bat" egitea aztertuko dute",  izan ere, "prospekzio bakoitza egiteko 100 milioi euroko inbertsioa egin behar da", Repsolen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Repsol albisteak