Gizartea -
Gasteiz
Gora Gasteiz herri ekimena jaio da
Denek tokia duten hiri eredua aldarrikatzen dute, eta azken hilabeteotan etorkinen inguruan sortutako polemikek bultzatuta jaio dela esan dute.
Erredakzioa
Gora Gasteiz herri ekimena jaio da Arabako hiriburuan. Aipaturiko ekimenak hiritar guztiek tokia duten hiri eredua aldarrikatzen du, eta Gasteizen azken hilabeteotan etorkinen inguruan sortu diren polemiken haritik sortu da.
50 aurpegi ezagunek sinatutako manifestua aurkeztu dute gaur, eta sinatzaileen artean daude besteak beste, Jose Angel Cuerda alkate ohia, Bernardo Atxaga idazlea, Igor Gonzalez de Galdeano txirrindulari ohia eta idazleak, musikariak, kirolariak, unibertsitateko irakasleak edota abeslariak.
Manifestua euskaraz, gazteleraz eta arabieraz irakurri dute, eta bertan azpimarratu dute "Arabako hiriburua historia zehar hartu-eman ekonomiko, sozial eta kultural aberatsen lekuko" izan dela. "Azken hamarkadatan migrazio fluxuek ez dute etenik izan eta gaur egun mundu osoko pertsonek elkarrekin bizitzeko aukera daukagu", nabarmendu du.
Gasteiz elkarbizitza horren emaitza dela azpimarratu dute, "guztion artean eraikitzen eta eraldatzen jarraitzen dugu tokia". Javier Maroto Gasteizko alkateak etorkinen inguruan egindako adierazpen polemikoak aipatu gabe (etorkinak gizarte laguntzetan egindako iruzurrekin lotu zituen), "hiritarren ongizatearekin zerikusirik ez duten interesak tarteko, (talde interesak, besteak beste) elkarbizitza aztoratu egin da".
Hori dela eta, sinatzaileek eskubide sozialekiko konpromisoa berretsi dute. Are gehiago, hiri justu eta solidarioa nahi dute, inguruarekin erlazionatzen den hiri anitza, zeinaren helburua ikastea, elkartrukatzea eta partekatzea dena.
"Ilusioa eragingo duen hiri eredu positibo baten alde borroka egiteko eta diskurtso interesatuen arrastan ez joateko dei egiten dugu, izan ere, diskurtso horien helburua elkarbizitza aztoratzea eta gasteiztarrak elkarren aurka jartzea da", nabarmendu dute.
Azkenik, manifestuarekin bat egiteko, eta eskubide eta aukera berdintasuna babesten duten ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu diete herritarrei