Gizartea -
Heriotza
Albako dukesaren biografia
Europako aberatsenenetakoa zen Cayetana Fitz-James Stuart, 46 noblezia-tituluren jabea, 88 urte zituela hil da.
Erredakzioa
Maria del Rosario Cayetana Fitz-James Stuart y Silva, Albako Cayetana edo Albako dukesa izenaz ezaguna, 1926ko martxoaren 28an jaio zen Madrilen, Alba de Tormes noble familiaren baitan. Albako Cayetana gaur, 2014ko azaroak 20, hil da, biriketako infekzio batek eraginda.
Erresuma Batuko Jakobo II.a erregearen ondorengo, munduan noblezia-titulu gehien dituen pertsona zen, Guinness liburuaren arabera. 46 zituen: bost duketza, 18 markesgo eta 20 kondetza, bizkondetza eta kondetza-duketza. Horrez gain, 14 aldiz zen Espainiako handiki. Espainiar Estatuko 10 aberats handienen artean zegoen eta Europako aberastasun handienetakoa zuen: 1.000 milioi euroko balioa duen ondarearen jabe zen.
Amaren heriotza eta erbestea izan ziren bere haurtzaroaren ardatz. Jasotako heziketa zainduari esker, kultura handiko emakumea zen Albako dukesa, eta bost hizkuntza zekizkien.
Albako Tormes dukerria aitaren, Jacobo Fitz-Jamesen, eskutik jaso zuen, 1953an.
Hiru aldiz ezkondu zen. Luis Martinez de Irujo lehen senarrarekin eduki zituen bere sei seme-alabak: Carlos Fitz-James Stuart y Martínez de Irujo; Alfonso Martínez de Irujo y Fitz-James Stuart; Jacobo Fitz-James Stuart y Martínez de Irujo; Fernando Martínez de Irujo y Fitz-James Stuart; Cayetano Martínez de Irujo y Fitz-James Stuart; eta Eugenia Martínez de Irujo y Fitz-James Stuart. Alargun geratu eta sei urtera, 1978an, Jesus Aguirre eta Ortiz de Zarate jesuita ohiarekin ezkondu zen. Aguirre 2001ean hil zen, minbiziak jota. 2008an, Alfonso Diez Estatuko funtzionarioarekin ezkondu zen.
Espainiar folklorearen defendatzaile sutsua zen Albako dukesa, zezenketen eta flamenkoarena batez ere. Euskal Herriarekin ere harreman estua zuen, urtero Donostiako Arbaizenea jauregian igaro baititu udako oporrak.