Gizartea -
Carlos III.a ospitalea
Kooperante nafarra 'lasai eta animatuta' dago
Mugarik Gabeko Medikuen Gobernuz kanpoko erakundeko medikuak sintomarik azaleratu gabe jarraitzen du.
Erredakzioa
Mugarik Gabeko Medikuen gobernuz kanpoko erakundeko mediku nafarrak ebola birusaren sintomarik gabe jarraitzen du Madrilgo Carlos III.a ospitalean. Malin lanean ari zela ebola gaixo batekin erabilitako orratz batekin sastatu zen, eta badaezpada espainiaratu egin zuten.
Hori da gobernuz kanpoko erakundeak mediku nafarraren osasun egoerari buruz gaur eman duen informazio bakarra. Ebola gaixotasuna garatu zezakeelakoan espainiaratu egin zuten, baina azken informazioen arabera, sintomarik azaleratu gabe jarraitzen du.
Osasun iturriek larunbat honetan azaldu dutenez, ezin diote probarik egin ebolaz kutsatuta ote dagoen zehazteko, harik eta sintomarik agertu arte; orain arte egin duten bezala.
Mugarik Gabeko Medikuen gobernuz kanpoko erakundeko bozeramaile batek azaldu duenez, boluntarioa ez da eria, gaixotasunik ez duelako (ez du inolako sintomarik; esate baterako, sukarrik), baina arrisku handiko harremana izan du ebolarekin eta, horregatik, Carlos III.a ospitaleko seigarren solairuan zaintzapean dago. Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, mediku nafarra 21 egunez izango da zaintzapean.