Gizartea -
Gertakaria
12 urteko haur bat larri, bizikletan zihoala auto batek harrapatuta
Iruñean gertatu zen istripua, joan den ostiralean, oinezkoentzako pasabide batean. Bizikleta gainean bi lagun zihoazen.
Erredakzioa
12 urteko mutil bat larri dago ospitalean, joan den ostiralean, 18:30 inguruan, izandako istripu baten ondorioz. Bizikletan zihoala auto batek harrapatu zuen, Iruñean.
Oinezkoentzako pasabide bat zeharkatzen ari zen gaztea; bizikleta gainean bi lagun zihoazen, 12 eta 13 urtekoak, Iruñeko Udalak jakitera eman duenez. Iturri horien arabera, bat zutik zihoan eta bestea eserita, eta ez zuten argi islatzailerik.
Zutik zihoan gazteak autoa zetorrela ikusi eta salto egin zuen. Zauri arinak izan zituen. Bizikleta gidatzen ari zen mutila ez zen ohartu, eta autoak bete betean harrapatu zuen. Anbulantzian eraman zuten Nafarroako Ospitalera, eta larri dago.
Foruzaingoak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko. Antza, gazteek ez zeramaten kaskorik.