Gizartea -
Gaitzespen elkarretaratzea
Ehunka lagunek Asturiasen hildako bi neskatoak gogorarazi dituzte
Bilbon, Emakumeen Mundu Martxak salatu du emakumeen aurkako biolentziak ez duela mugarik, eta Asturiaseko filizidioa biolentzia horren muturretako ondoriotzat jo du.
Erredakzioa
Ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute larunbat eguerdian Asturiaseko Soto del Barco Udaletxe Plazan, Amets eta Sara neskatoen hilketa gaitzesteko. Neskatoak Jose Ignacio Bilbao Aizpuruak, aitak, hil zituen, ostegunean, eta ondoren, bere buruaz beste egin zuen.
Asturiaseko Gobernuaren, Batzar Nagusiko alderdien eta lurraldeko udalen ordezkari politikoak bildu dira ekitaldian, beste ehunka lagunekin batera, elkarretaratzean eta gero egin duten hiletan.
Jaime Menendez Soto del Barcoko alkateak agiri bat irakurri du. Jarraian, minutu bateko isilunea egin dute. Amets eta Sara aitak hil zituen, etxean, San Juan de La Arenan, aitari egokitzen zitzaion bisitetako batean, neskatoen amarengandik banatuta baitzegoen. Gero, Jose Ignacio Bilbaok, bere buruaz beste egin zuen, Concha de Artedoko biaduktutik bere burua botata.
Bilbon ere, gaitzespena
Ehun bat lagunek Bilbon ere egin dute elkarretaratzea, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka. Emakumeen Mundu-Martxak, halaber, honelako indarkeriak mugarik ez duela, egiturazkoa dela eta eremu guztietan gertatzen dela salatu du. Asturiaseko hilketa, bere hitzetan, biolentzia horren muturreko ondoriotzat jo du.