Gizartea -
Gertakaria
Kartzelan sartu dute Gasteizen, nerabe bati sexu-erasoa egiteagatik
29 urte dituen gizona biktimaren familiaren hurbilekoa da. Gertaera urrian jazo zen, eta atxiloketa ostegunean egin zuten.
Erredakzioa
29 urteko gizon bat kartzelan sartu dute larunbat honetako arratsaldean, Gasteizen, Ertzaintzak ostegunean nerabe bati sexu-erasoa egiteagatik atxilotu ostean. Atxilotua biktimaren familiaren hurbilekoa da.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, urriaren 18an jazo zen gertaera. Nerabea familiako baten etxera joana zen, bere amak eskatuta, inguruko pertsona baten heriotzagatik dolumina adierazteko.
Azkenean, nerabea familiakoaren etxean lo egitera geratu zen, eta goizaldean bortxatua izan zen. Ustez familiaren hurbileko batek bortxatu zuen. Neskak ez zuen ezer esan ostegunera arte, bere amari esan zion arte. Egun horretan bertan, familiak salaketa jarri zuen.
Ordu batzuen buruan, Ertzaintzak susmagarria atxilotu zuen. 29 urte ditu eta ez du aurrekaririk. Larunbat honetan jarri dute epailearen aurrean, eta horrek kartzelara sartzeko agindua eman du.