Gizartea -
Mendekotasunen Legea
Futbol zelaietan erretzea debekatzea proposatuko du Jaurlaritzak
Abenduan Mendekotasunen Legearen zirriborroa onartu nahi du Jaurlaritzak, 2015ean Legebiltzarrak oniritzia eman diezaion.
Erredakzioa
Futbol zelaietan erretzea debekatzea proposatzen duen Mendekotasunen Legearen aurreproiektua onartuko du abenduan Eusko Jaurlaritzak. Hartara, Europako beste estadioetan bezala, San Mamesen, Ipuruan edo Anoetan erretzea galarazita izango da, Legebiltzarrak zirriborroari babesa ematen badio behintzat. "Ez dugu ezer apurtzailea proposatu, debekua ezartzen azkenak ez izaten saiatuko gara", azaldu du Jon Darpon Osasun sailburuak.
Forum Europa-Tribuna Euskadi gosari informatiboan eman du berria Darponek. Agertu duenez, prebentzioan jarriko dituzte indarrak, mendekotasunari aurre egiteko modu onena dela sinetsita. Batez ere familiartean eta hezkuntza alorrean arituko dira, gazteen artean alkoholaren kontsumoa murrizteko eta adingabeak edo gazteak egon daitezkeen lekuetan tabakoaren presentzia txikitzeko. Hain justu, azken horren harira ezarriko dute futbol zelaietan erretzearen debekua.
Zirriborroan azken urteetako hainbat errealitateri aurrea hartuko diete: hala nola, zigarro elektronikoa edo teknologiaren gehiegizko erabilera. Izan ere, "etorkizunean arazo izango dira", Darponen hitzetan.
Legebiltzarrak ere onartu beharrekoa
Futbol zelaietako debekua 2015ean indarrean egon daitekeen galdetuta, Jaurlaritzak horixe proposatu duela argitu du Darponek, baina, hori "legebiltzarrekideen esku" dagoela nabarmendu du, Legebiltzarrak oniritzia eman beharko baitio.
Osasun sailburuak azpimarratu duenez, "garrantzitsua da ume eta gazteak futbol estadioetara joaten jarraitzea, eurak dira etorkizuneko futbola". Gogorarazi duenez, Bartzelona Futbol Klubeko bazkideek Camp Noun "erretzea debekatzea adostu zuten. Ez dut uste Bartzelonarekin parekatzea txarra denik", argudiatu du.
Erresuma Batuko Premier Leaguean, munduko "famatuenean", lehen mailako futbol zelaietan "aspaldi" dago debekatuta erretzea, agertu du Darponek.
Alkoholaren kontsumoaren aurrean, 'tolerantzia larregi’'
Adingabe eta gazteen artean alkoholaren kontsumoaren "arazoaz" mintzatu da Darpon, eta Jaurlaritza Eudel eta diputazioekin landutako Alkohola eta Adingabeak programa aipatu du.
Darponen hitzetan, programak "kale egingo du gizarteak osasun arazotzat bakarrik badu, arazo orokorragoa da eta". Hori horrela, abenduan onartuko duten zirriborroak osasun alorrean ez ezik, familia eta hezkuntzan ere neurriak aurreikusi ditu.
Gizarteak alkoholaren kontsumoarekiko "tolerantzia larregi" duela uste du Darponek eta "horrek eragin txarrak dituela" agertu du. Ohartarazi duenez, "lau umeetatik hiruk alkohola probatu dute eskola utzi baino lehen, eta kontsumo gehiegizkoak handitzen ari dira, batez ere asteburuetan".