Gizartea -
Erresuma Batua
Pediatra bat espetxera, minbizia zuten umeei sexu-abusuak egiteagatik
Adingabe batzuei sexu-erasoak egin zizkien gurasoak mediku kontsultan zeuden bitartean.
Erredakzioa
Cambribgeko auzitegi batek 22 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Myles Bradbury pediatrari, minbiziak jotako 18 umeri sexu-abusuak egitea egotzita.
2009-2013 aldian jazo ziren erasoak, Erresuma Batuko hego-ekialdean dagoen Addenbrooke's Hospital erietxean lanean ari zela.
Gaixo adingabeei osasun azterketak egiten zizkien 41 urteko gizonak, "bere apeta sexualak asebetetzeko bakarrik", esan du Gareth Hawkesworth instrukzio epaileak.
Bradburyk bere gain hartu ditu egotzi dizkioten 25 karguak; tartean, eraso sexuala, voyeurismoa eta 10-16 urteko umeen argazki "lizunak" izatea. Tankera horretako 16.000 argazki atzeman dizkiote.
Hematologoa 2013an atxilotu zuten Kanadan, hango poliziak eduki pedofiloz betetako DVD bat atzeman ondoren.
Instrukziozko epailearen arabera, Myles Bradbury "pertsona manipulatzailea" zen; medikua zela aprobetxatuta, "imajinatu daitekeen sexu-abusu ankerrena egin zuen".
"Ume hauek oso ahulak ziren, gaixo zeuden", esan du epaileak. Leuzemia edo hemofiliak jota zeuden biktimetako batzuk, eta baten bat hil egin zen.
Epaileak gogorarazi duenez, biktimetako batzuk kamera-boligrafo batekin grabatu zituen eta beste batzuei sexu-abusuak egin zizkien gurasoak mediku kontsultan zeuden bitartean.
"Epaile gisa daramatzadan urte luze hauetan ez dut ikusi zin hipokratikoaren urratze larri honen modukorik. Abusuak denbora luzean, modu krudelean eta ondo ideiatutakoak ziren", esan du Hawkesworthek.