Gizartea -
AP-1, Arrazua-Ubarraundia
18 lagun zaurituta mikrobus eta kamioi baten arteko istripuan, Araban
Talka AP-1 autobidean, Arrazia-Ubarraundia parean, Burgoserako noranzkoan, gertatu da. Mikrobuseko bidaiari gehienak Arrasateko (Gipuzkoa) Fundiciones Gelma enpresaren langileak ziren.
Erredakzioa
18 pertsona, horietako zazpi larri, zauritu dira autobus batek eta kamioi batek talka eginda, AP-1 autobidean, Arrazia-Ubarraundia parean, Burgoserako noranzkoan.
Hijos de Hierro konpainiako mikrobusaren gidaria eta bidaiari guztiak zauritu dira ezbeharrean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Bidaiari gehienak Arrasateko (Gipuzkoa) Fundiciones Gelma enpresaren langileak ziren. Langileak lantegian hartu ditu autobusak, Segurtasun Saileko iturriek azaldu dutenez.
Istripua 14:20ean gertatu da. Iveco kamioi batek atzealdetik talka egin du autobusarekin, Gasteizko suhiltzaileek baieztatu dutenez. Suhiltzaileek bi pertsona erreskatatu behar izan dituzte. Horietako batek hanka hautsita eta buruan zauriak zituen.
Mikrobusaren ezker hegala txikitu du talkak. Biktima ugariko istripuentzako protokoloa martxan jarri du Osakidetzak.
Txagorritxu, Santiago eta Debagoiena
Gasteizko anbulantziek zauritu larriak Txagorritxuko eta Santiago ospitaletara eraman dituzte. Bestalde, zauritu larri bat Debagoieneko ospitalera (Gipuzkoa) eraman dute.
Mikrobusa. Argazkia: EFE
Arin zauritu diren 11 lagunak Legutioko anbulatoriora eraman dituzte, ezbeharretik gertu zegoelako.
AP-1 itxita egon da Gasteizko noranzkoan Legutioko irteera baino lehen, baina errei bat zabaldu dute dagoeneko. Mikrobusa errepidetik kendu dute eta kamioia kentzen ari dira.
Beste istripu bat Deban
Bestalde, AP-8 autobidean, Deban (Gipuzkoa), ezbehar bat gertatu da arratsaldeko lehen orduan. Kamioi bat errepidean gurutzatu da eta auto-ilarak izan dira.
Auto-ilarek hamar kilometroko luzera eta lau orduko iraupena izan dute. Ibilgailuko gidaria zauritu da istripuan. Zirkulazioa eten dute ia bi orduz, Bilboko noranzkoan.
Kamioiak zamaren zati bat galdu du Iurretan
AP-8 autobideko bi errei ia bost ordu itxita egon dira Iurretan (Bizkaia). Kamioi bat errepidetik atera da eta zamaren zati bat galdu du.
Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, 13:10 aldera kamioi bat errepidetik atera da Irungo (Gipuzkoa) noranzkoan, eta lubeta batetik erori da.
Hagatxo metalikoak zeramatzan eta zamaren zati bat errepidean erori da. 18:00ak arte bi errei itxita egon dira. Ordu horretan zirkulazioa berrezarri dute.