Gizartea -

Araba

Arratzuko istripuan zauritutako bi pertsona, zainketa intsentsiboetan

18 lagun zauritu ziren kamioi batek bide bazterrean geldirik zegoen mikrobus bat atzetik jota.

Istripua AP-1ean
Istripua AP-1ean
18 lagun zaurituta autobus eta kamioi baten arteko istripuan, Araban

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi pertsonak Zaintza Intentsiboetako Unitatean jarraitzen dute, atzo (astelehena) kamioi batek errepide bazterrean geldirik zegoen mikrobus bat jo ostean AP-1 autobidean, Arratzua-Ubarrundia parean.

14:15ean, kamioiak mikrobusaren atzeko ezkerraldea jo zuen, eta 18 pertsona zauritu ziren kolpearen ondorioz.

Istripua izan zuen autobus-enpresako arduradunak Radio Euskadiri esan dionez, mikrobusa bide bazterrean geldituta zegoen, matxura baten ondorioz, eta bertan zegoela jo zuen kamioiak.

Kolpe handia izan zen, eta biktimetako batzuk suhiltzaileek atera behar izan zituzten autobus barrutik, ez atzera ez aurrera egin ezinik geratu zirelako.

Mikrobusean zihoazen bidaiari gehienak Arrasateko (Gipuzkoa) Gelma Fundizioak enpresako langileak dira, eta ibilgailuak lantegian bertan jaso zituen.

Istripu horretan zauritutako emakume bat Gasteizen dago, Txagorritxu Ospitaleko Zaintza Intentsiboetako Unitatean, oso larri. Santiago Ospitalean, berriz, gizonezko bat dute Zaintza Intentsiboetako Unitatean; medikuek ez dute horren egoeraren berri eman. Beste emakume bat ere badute bertan, baina ez omen dago hain larri. Beste bat Arrasatera eraman dute. Arin zauritutako 11 lagunak Agurain udalerriko osasun zentroan artatu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak errepideetan Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Arrasate argazkiak Errepideko istripuen biktimak AP-1eko berriak