Gizartea -
Cofrentesen egindako ekintza
Greenpeacek 'inoizko epaiketarik gogorrena' du gaurtik hasita
Kartzela-zigor eskaerak eta 360.000 euroko isunak eskatu dituzte Cofrentes zentral nuklearrean 16 aktibistek egindako protestagatik.
Erredakzioa
Greenpeace erakunde ekologistako 16 aktibistarentzat eta foto-kazetari batentzat bi urte eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorrak eta 360.000 euroko kalte-ordain eta isunak eskatu ditu fiskalak 2011ko otsailean Cofrenteseko zentral nuklearrean egin zuten ekintzarengatik gaur hasi den epaiketan.
"Greenpeacek inoiz izan duen epaiketarik gogorrena da honakoa", agertu du Mario Rodriguez Greenpeace Espainiaren zuzendariak. Erakunde ekologistako arduradunak azaldu duenez, Greenpeacen ekintza gehienetan zigor administratiboa ezarri ohi diete, baina oraingo honetan, espetxe eskaera ere bada. Hala, Greenpeacen hitzetan, Fiskaltzaren eskaera "gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa" da, eta desordena publikoaren eta kalte-galeren akusazioen ostean "eskarmentua emateko asmoa" dagoela salatu du.
Zentralaren jabea den Iberdrolaren ustez, ordea, gobernuz kanpoko erakundearen aktibisten protesta ez zen baketsua izan, bi zaintzaileri lesioak egin zizkietelako (batek zauria izan zuen sabelaldean) eta kalte materialak eragin zituztelako. Horrez gain, protestaren eraginez, larrialdi alerta ezarri behar izan zuten zentralean.
Greenpeaceko zuzendariak agertu duenez, ordea, aktibistak "ingurugiroa babesteko duten betebeharra gauzatzen ari ziren, Konstituzioaren 45. artikuluak babesten duen zerbait. Rodriguezen hitzetan, Cofrenteseko zentraleko dorrean pintada egin zutenean "modu baketsuan protesta egiten ari ziren" Greenpeaceko kideak.
"Bidezkoa eta neurrizkoa al da 'Kontuz nuklearra' margotzeagatik 16 aktibista eta foto-kazetari bat kartzelara joatea?", galdetu du Rodriguezek. Greenpeacen zuzendariaren aburuz, "ezin izan garestiago atera ingurugiroa suntsitzea defendatzea baino ". Azaldu duenez, aktibistek "energia nuklearrak dituen arriskuak eta energia mota honek dituen segurtasun gabeziak agerian uzteko" egin zuten protesta.
Epaiketa gaur hasi da eta abenduaren 5, 9, 10 eta 11n izango da Valentziako Zigor arloko 11. Zenbakiko Epaitegian. Greenpeacek akusatuei elkartasuna adierazteko eta epaiketa salatzeko ekitaldi sorta antolatu du larunbaterako.