Gizartea -
lecrim
Barne Ministerioak entzuteak egiteko asmoa du, epailearen baimena gabe
Prozedura Kriminalaren Legearen erreformak dioenez, komunikazioak ikertzeko eremua zabalduko da; WhatsApp eta SMS bidezko mezuak ikertu, eta giroko eta etxeko entzuteak egin ahal izango dituzte.
Erredakzioa
Barne ministroak eta Segurtasun Estatu idazkariak herritarren komunikazioak atzeman ahal izango dituzte “larrialdi kasuetan”, epailearen aurretiazko baimena jaso gabe, ostiral honetan Ministroen Kontseiluak onartutako Prozedura Kriminalaren Legearen erreformaren arabera.
Legeak dioenez, halaber, aipatutako Ministerioko kargudunek entzuteak egitea agindu ahal izango dute, eta 24 ordu izango dituzte epailea jakinaren gainean jartzeko. Epaileak, ordea, 72 orduko epea izango du erabakia berretsi edo baliogabetzeko.
Bestalde, aurreproiektuak muga ezarriko du grabazioak gordetzean, eta ezabatuko beharko ditu, ikertutako pertsonaren intimitatean “atzerabueltarik” gabeko kalterik ez egiteko asmoz, Justizia Ministerioak ohar baten bidez zabaldu duenez; ez du adierazi, ordea, zenbatekoa den muga.
Prozedura Kriminalaren Legearen erreformak dioenez, komunikazioak ikertzeko eremua zabalduko da; WhatsApp eta SMS bidezko mezuak ikertu, eta giroko eta etxeko entzuteak egin ahal izango dituzte, epaileak hala erabakita. Baimena emateko, salbuespen neurritzat jo, berezia eta egokia izan behar da, eta ikertzen ari den delituaren araberakoa izan beharko da. Gehienez, bi urtez jardun ahal izango dira komunikazioak atzematen.
Gutxienez hiru urteko kartzela zigorra izan beharko dute ikertutako delituek; hala talde edo organizazio kriminal batean egindakoak, nola terrorismo delituak, eta informatikaren bidez egindako bestelako delituak.