Gizartea -
Gertakizuna
80 urteko gizon bat hil da Basaurin izandako sute batean
Sua etxebizitza-eraikin bateko azken solairuan piztu da, Solokoetxe kalean. Etxean zegoen beste pertsona bat Galdakaoko Ospitalera eraman dute, kea arnastu duelako.
Iker Gonzalez | eitb.eus
80 urteko gizonezko bat hil da gaur, astelehena, Basauriko etxebizitza batean piztutako sutean, Segurtasun Sailak eitb.eus webguneari azaldu dionez.
Sua 09:30 aldera piztu da, oraindik ez dago argi zergatik, Ariz auzoko Solokoetxe kaleko 6. zenbakiaren parean dagoen eraikinean, hamaikagarren solairuan, hain zuzen.
Gainera, hildakoaren iloba (27 urte) Galdakaoko Ospitalera eraman behar izan dute, kea arnastu baitu. Horrekin batera, beste bi auzokide ere eraman dituzte aipatutako ospitalera, antsietate krisiak jota.
Larrialdi zerbitzuek eraikina hustu dute sua piztu eta gero, baina 11:30ean bizilagunek etxera itzultzeko baimena jaso dute.
Sua itzalitakoan, teknikariak lanean hasi dira gertaeraren nondik norakoak argitzeko, Basauriko bizilagunaren heriotza zerk eragin duen zehazte aldera.