Gizartea -
Salaketa artxibatu dute
Gasteizko Elizbarrutia sexu-erasoengatik salatu zuten 2010. urtean
Ustez, 1983. urtean egin zizkioten erasoak salatzaileari. Auzia artxibatu egin zuen epaileak, delitua preskribatuta zegoela argudiatuz.
Erredakzioa
Gasteizko Elizbarrutiak salaketa bat jaso zuen 2010. urtean, Aingeruen parrokiako ume bati egindako sexu-erasoak direla eta, Elizbarrutiak berak gaur onartu duenez. Ustez, 1983. urtean egin zizkioten erasoak salatzaileari. Auzia artxibatu egin zuen epaileak, delitua preskribatuta zegoela argudiatuz.
Elizbarrutiak ohar bat bidali du gaur, 2010. urtean salaketa jaso zuela onartuz. Orduan gotzaina zen Miguel Asurmendiri burofax baten bidez eman zioten salaketaren berri. Apaiz dominiko batek 1983. urtean ustez egindako eraso sexualak salatzen zituen biktimak.
Ikerketa abian jartzea erabaki zuen Miguel Asurmendi gotzainak. Elizbarrutiko Auzitegian deklaratu zuen ustezko biktimak, eta salaketan jarritakoari eutsi zion.
Epaileak esan zion gertatutakoa bide penaletik salatzeko aukera ere bazeukala, baina gizonezkoak aukera hori baztertu egin zuen, Elizbarrutiaren oharraren arabera.
Azkenean, epaileak ikerketa amaitutzat eman eta salaketa artxibatzea erabaki zuen, delituak preskribatu egin zuela argudiatuz.
Gasteizko Elizbarrutiak argitu duenez, ustez eraso sexualak egin zituen apaiza orain hogei urte atera zen Elizbarrutitik.