Gizartea -
Madrilgo borroka
Deportivok informazio 'zehaztugabea' eman zuela esan du Gobernuak
Bestalde, Deportivoko eta Atletico Madrileko Segurtasun koordinatzaileak kargutik kenduko dituztela iragarri du Francisco Martinez Segurtasun Estatu idazkariak.
Erredakzioa
Coruñako Deportivok Poliziari informazio ?zehaztugabea? eman ziola azaldu du gaur Francisco Martinez Segurtasun Estatu idazkariak. Riazor Blues taldeko zaleek bidaia nola egin behar zuten Deporrek ez zuela zehaztu esan du Barne Ministerioko ordezkariak.
Martinezen hitzetan, Galiziako erradikalen egitasmoa zein zen ezagutzerik ez zuten segurtasun indarrek. Estatu idazkariak errepikatu duenez, Poliziak jakin gabe, Atletico Madrilen zaleekin borroka adostu zuten Deporreko jarraitzaileek. Bestalde, Deportivoko eta Atletico Madrileko segurtasun koordinatzaileak (Poliziako kargudunak) kargutik kenduko dituztela iragarri du Martinezek.
Diputatuen Kongresuko Barne Batzordean agerraldia egin dute Martinezek eta Miguel Cardenal Kirol Estatu idazkariak. Vicente Calderon futbol-zelaiaren inguruetan, azaroaren 30ean, gertatutako borroka azaltzen saiatu dira arduradunak. Erradikalen arteko istiluetan Francisco Javier Romero Jimmy Riazor Blueseko kidea hil zuten.
"Erantzule egiteko borondaterik ez dago"
Erabakiarekin segurtasun koordinatzaileak gertatutakoaren ?erantzule egiteko borondaterik ez? dagoela esan du Martinezek, baina lan horretan eman duten denbora ikusita, ?aldaketa bat zentzuzkoa da?.
Coruñako Deportivoren segurtasun koordinatzaileak azaroaren 27an bidalitako posta elektronikoa osorik irakurri du Estatu idazkariak. ?Taldeko segurtasun buruzagiarekin hitz egin eta gero, Riazor Blueseko 50 kidek bidaia egingo dutela ematen du, zein konpainia eramango dituen zehazterik ez dugu? igande goizean joatea normalena izango litzateke?, dio mezuak.
?Istiluak lau ordu lehenago gertatu ziren, bi taldeek borroka egin nahi zutelako?, adierazi du Martinezek. ?Gertakari deitoragarriak? direla errepikatu du Estatu idazkariak. Buruzagiaren ahotan, liskarrak ?bi talde erradikalek adostu zituzten?.
Riazor Blues taldeak, aldiz, borroka egiteko akordiorik ez zegoela azaldu du. Frente Atleticoren segada baten biktimak izan zirela gaineratu du.