Gizartea -
Bozeramaileen Batzordea
Hilketa 'ankerra' gaitzetsi eta bi dolu-egun deitu ditu Abadiñok
Abadiñoko Udalak deitutako elkarretaratzean ehunka lagunek parte hartu dute arratsaldean. Hildako bi emakumeen senitartekoei eta lagunei “babes osoa” eman die Udaleko Bozeramaileen Batzordeak.
Erredakzioa
Bi emakumeen hilketa “koldar eta ankerra erabat gaitzetsi” du gaur Abadiñoko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak. Gainera, bi dolu-egun deitu eta udaletxeko banderak haga erdian jarriko dituzte.
Adierazpen instituzionala Abadiñoko Talde Independenteak, Bilduk eta EAJk sinatu dute. “Une gogor hauetan” hildako bi emakumeen senitartekoei eta lagunei “babes osoa” eman diete Udaleko ordezkariek. Horregatik, “beharrezko duten laguntza guztia emateko beraien esanetara jarriko dira”.
Krimena Ertzaintza ikertzen ari dela gogorarazi du Batzordeak, baina biktimak “berriro, bi emakume babesgabe” izan direla goraipatu du.
Horregatik, “emakumeen aurkako indarkeria irmo gaitzesten” duela berretsi du Udalak. Emakumeen aurkako indarkeriarekin “bukatzeko neurri eraginkorrak hartzea beharrezkoa” dela erantsi du Bozeramaileen Batzordeak.
Azkenik, hilketak Abadiñon sortu duen “hunkipen handia ulertzen” duela azpimarratu du Batzordeak, “herri lasaia delako eta bizilagun guztiek elkar ezagutzen dutelako”.
Elkarretaratze isila
Abadiñoko Udalak deitutako elkarretaratzean ehunka lagunek parte hartu dute arratsaldean. “Indarkeriarik ez” lelopean elkarretaratzea egin dute. Pankartari Udal Gobernuko zinegotziek eutsi diote, guztiak Talde Independentekoak.
Ekitaldiak 15 minutuko iraupena izan du eta elkarretaratze isila izan da. Jose Luis Navarro alkatea eta Abadiñoko zinegotziak bertan izan dira, baita Durangaldeko beste herri batzuetako alkateak ere.
Atsekabea eta harridura
Abadiñoko alkateak Radio Euskadiri esan dionez, hildakoak oso ezagunak dira herrian, eta herritarrak atsekabetuta eta harrituta daude.
Hilketen zergatiez galdetuta, hipotesi guztiak zabalik daudela adierazi du, baina "oso arraroa" litzateke heriotzaren eragilea genero indarkeria izatea, horren iritzian. "Genero indarkeria izan daitekeen hipotesia hor dago, baina asko harritzen gaitu eta zuhurtziaz jokatzea eskatzen dugu", azpimarratu du. Atsekabetuta agertu da alkatea eta zuhurtzia eskatu du.
Horren esanetan, aroztegiko jabea "garaiz aurkitu dute" eta itxura batean "ondo zegoen".