Gizartea -

Eguraldia

'Alexandra' ekaitzak 5 metroko olatuak utziko ditu euskal kostaldean

Goizeko itsasgorak ez du kalterik egin portuetan. Jaurlaritzak 19:00etatik 21:00etara ezarriko du berriz alerta laranja.

Olatuak Donostian. Argazkia: EFE/artxiboa
Olatuak Donostian. Argazkia: EFE/artxiboa
5 metroko olatuek euskal kostaldea astinduko dute

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du gaurko euskal kostaldean itsasgoraren orduetan, hau da, 06:00etatik 08:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, 'Alexandra' ekaitzak bost metroko olatuak eratuko baititu.

Goizeko itsasgorak ez du kalte handirik egin portuetan. Denboralearekin lotutako gertakizun bakarrak errepideekin du zerikusirik. Izan ere, N-634 errepidea itxi egin behar izan dute Zarautz eta Getaria (Gipuzkoa) artean, eta, horrenbestez, zirkulazioa Meagatik bideratu dute.

'Alexandra' Islandian dago une honetan, eta olatu handiak eratu ditu Atlantikoan. Irlandako iparraldean, adibidez, 15 metrokoak dira.

Dena dela, urrun dagoenez, euskal kostaldera iritsiko diren olatuak txikiagoak izango dira, 5 metrokoak gutxi gorabehera. Hori bai, luze iraungo dute, 19 segundo.

Euskalmetek ohartarazi duenez, olatu handienak eta indartsuenak 08:00etatik 18:00etara helduko dira, hau da, alerta laranja orduetatik kanpo.

Gainera, tirain handia egongo da euskal portuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Denboraleak argazkiak Eguraldia Bilbao Ekaitzak albisteak