Gizartea -
2014ko irakurrienen zerrenda
2014an eitb.eus atarian gehien irakurri diren albisteen zerrenda
Euskarazko albisteen irakurleek Gure Esku Dagoren giza katea, Lomce Legea, Hodei Egiluz edo Erregearen abdikazioaren ingurukoak jarraitu dituzte eitb.eus-en albisteen atarian.
Erredakzioa
Gure Esku Dago ekimenak antolatuta, giza kate batek Durango eta Iruña batu zituen joan den ekainaren 8an eta ekitaldia unean-unean, zuzenean, jarraitu zuen eitb.eus-ek. Hain justu, zuzeneko kontaketa hori izan da 2014an gehien irakurri den albistea, Google Analytics audientzia neurgailuaren bidez zenbatutako datuen arabera.
Gizarte gaiak izan dira nagusi euskarazko irakurleek gehien ikusitako albisteen artean. Hala, Lomce hezkuntza legeak ekarriko dituen 10 aldaketa nagusiak edo Hodei Egiluz gazte galdakoztarraren desagertzearen ingurukoak bigarren eta hirugarren tokian ageri dira, hurrenez hurren.
2014an gehien irakurri diren albisteen zerrendan bitxikerietarako lekua ere bada. Alaba Facebook bidez topatu zuen amaren istorioa, laugarren postuan dago.
Aurten bolo-bolo ibili diren gaiek isla izan dute eitb.eus-en albiste irakurrienen rankingean. Aipatzeko modukoak dira, Juan Carlos erregearen abdikazioaren albistea eta zuzenekoa edota frankinga zer den azaltzen duen dokumentazio pieza.
2015eko lan egutegiaren, Eskola Publikoaren Jaiaren eta tabakoaren kontsumoaren ondorioen albisteek osatzen dute euskarazko ikusienenen sailkapena.